Bigarren Baserriz Baserri ibilaldia antolatu du ETX elkarteak Gabonetarako
Etxebarriko Aulesti auzoan zehar egingo da bigarren ibilaldia. Eguenean [abenduak 24] hasi eta urtarrilaren 10era arte parte hartu ahal izango da.
Baserriz baserri ibilaldia antolatu du aurten ere Etxebarriko ETX Kultur Elkarteak. Ekimenaren helburua herria (auzoak, baserriak….) ezagutzen joatea da, auzorik auzo kultur ibilbide ezberdinak eginez. Iaz taldean egin zen ibilaldia, baina aurten COVID-19 pandemiak eragindako osasun egoera dela eta ibilaldia beste modu batera antolatzea erabaki dute.
Aulesti auzoan zehar egingo da bigarren Baserriz baserri ibilaldia, eta eguenean [abenduak 24] hasi eta urtarrilaren 10era arte parte hartu ahal izango da. Taldean barik, bakoitza bere kabuz joango da ibilaldia egitera, egun horien barruan. ETX elkarteak ibilbidearen mapa jarriko du parte hartzaileen eskura, baserriak ere identifikatuta, abian jarri berri duten webgunearen bidez. Horrez gain, ibilbidea Wikiloc aplikazioaren bidez ere jarraitu ahal izango da, elkartearen profilean sartuta edo aipatutako webgunearen bidez.
Baserrien informazioari dagokionez, ekimena martxan dagoen egunetan, QR irudi batzuk jarriko dituzte baserrien aurrean, eta mugikorraren bidez baserri horien informazioa eta argazkiak eskuratu ahalko dituzte partaideek. Ibilbidea errazago jarraitzeko gezi batzuk ere jarriko dituztela azaldu dute.
Bestalde, zozketa bat ere jarriko dute martxan. Parte hartzeko, Arriotain, Mandiola Goiko eta Arnoriaga baserrien argazkiak ETX kultur elkartearen helbide elektronikora bidali edo argazki horiek elkartearen sare sozialak etiketatuz igoz gero, 30 euroko bono baten zozketan parte hartzeko aukera egongo da. Zehaztu dutenez, hiru irabazle egongo dira, eta bakoitzak bono bana jasoko du herriko negozioetan xahutzeko.