Errezeta tradizionalak berreskuratu eta gaztagileak trebatzen ari da Leartiker
Markina-Xemeingo zentro teknologikoak 75 pertsona prestatu ditu 2019 eta 2020 epealdian. Gaztagile gehiago animatu nahi dituzte egitasmoan parte hartzera.
Arabako Izoria ustiategian egindako Euskal Gaztak proiektuaren aurkezpena. Ezkerretik eskumara: Mario Sanchez (TGT), Joseba Otegi (Goine Gaztak), Leire Ibarrola (Izoria Gaztak), Malen Sarasua (Leartiker), Unai Romero (Oihan Txiki gaztandegia) eta Andoni Olaberria (Askibil gaztandegia). Argazkia: Leartiker
Euskal Gaztak proiektuaren baitan gazta barietate tradizionalak ekoiztu nahi dituzten gaztandegiei aholkularitza eskaini eta Euskal Gaztak proiektuarekin erlazionatutako formazioa ematen ari da Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoa. 2019 eta 2020 epealdian 75 pertsona prestatu dituzte.
Leartiker Zentro Teknologikoak hasieratik parte hartu du Eusko Jaurlaritzaren ekimenez eta Hazi Fundazioak zuzenduta orain dela urte bi martxan jarri zen Euskal Gaztak proiektu horretan. Egitasmoaren helburua antzinako euskal gazta elaborazioen errezetak berreskuratu eta Euskal Label esnearekin ekoiztutako euskal gazten ekoizpen eta eskaintza zabaldu eta osatzea da. “Euskal Gaztak proiektuaren esparruan egindako gazta hauek Euskadiko gaztagintzaren eskaintza indartzera datoz. Euskal Herrian, tradizioz, ekoiztu izan diren beste gazta mota batzuk, historiaz beteak, esne mota ezberdinekin ekoiztuak, eskualde bakoitzean bere berezitasunekin eginak… Horiek berreskuratzeko asmoz jaio zen Euskal Gaztak proiektua”, diote.
Sei gazta mota definitu dituzte:
- OTZARA: Aiarako eskualdean eta Karrantza inguruan ekoiztu izan den tradizio handiko gazta.
- FRAISORO: Behi esnedun gazta xamurra.
- SAROI: Esne ezberdinak nahastuta egiten den gazta ondua.
- TXURIA: Gazta freskoa.
- AUNTZAI: Ahuntz esnearekin egindako gazta ondu eta leun bat.
- LATXA URDINA: Ardi esnearekin egindako gazta urdina.
“Gazta hauek ekoizteko ezinbesteko betebeharra, Eusko Label esnearekin ekoiztuak izatea da. Horretarako, gaztandegiei lehenengo urrats moduan beraien behi, ardi zein ahuntz esnea Eusko Label gisa ziurtatzea eskatzen zaie. Ardien kasuan latxa edo karrantzana arrazatik lortutako esnea izan behar da nahitaez arraza autoktonoak direlako eta horrek ere babestu nahi direlako. Behi eta ahuntz esnearen kasuan ez da arrazarik espezifikatzen”, jakinarazi dute.
Leartiker Zentro Teknologikoa formazio eta aholkularitza alorrean ari da lanean proiektu horren baitan. Azaldu dutenez, lehenengo, gazten elaboraziorako errezeta tradizionalak berreskuratzen, eta ondoren, gazta bakoitzaren ezaugarri guztiak ikuspuntu teknikotik definitu, espezifikazioak nabarmendu eta elaborazio prozesuak zehazten. Lanketa horren ostean, jasotako ezagutza hori gaztandegiei transferitu, gazta mota hauek ekoizten erakutsi eta elaborazio prozesuak barneratzen laguntzen dabiltza. “Proiektu ireki eta integratzaile honetan ahalik eta gaztagile gehien animatu nahi dira egitasmo honekin bat egitera. Denon artean, Labeldun Euskal Gazta taula berri bat osatuko dugu eta dibertsitate zaporetsuz betetako gazta kultura berri bati bidea irekiko diogu”.
Gazta horien merkaturatze ikuspuntuaren lanketan Hazi fundazioa murgildu da: gazta bakoitzaren storytelling-a, etiketen diseinua eta legedia lantzen, besteak beste.