Gabonetako usadio zaharrak, ezohiko moduetan
Gabon Eguna ailegatzeko gutxi falta da, eta usadioari jarraituz Euskal Herriko ikazkin famatuena eta Mari Domingi menditik jaistear daude.
Ezohiko urtea izan arren Gabonetako oporraldia era guztietako ekimenekin ospatzeko aukera edukiko dute Lea-Artibai eta Mutrikuko bizilagunek. Ekitaldiak egoera berrira egokituta egingo badira ere, zer egin ez da faltako.
Olentzero eta Mari Domingi heltzear dagoz. Oraingoan, baina, era desberdinetara agurtuko dituzte herritarrak; aukeraren arabera herri eta auzoetan zehar ibiliko dira ilusioa banatzen, edo bestela sare sozialen bidez agurtuko dituzte txiki eta handiak.
Lehiaketak, ikuskizunak, kontzertuak, proiekzioak eta urteroko mendi irteerak ere egongo dira datozen egunetan. Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak, esaterako, Finalista Eguna ospatuko du domekan [abenduak 27]. Urteroko irteera ez dute antolatuko, baina familiak Akarregira igotzera animatzen dituzte. Dominak, berriz, Uni frontoian banatuko dituzte 12:30ean. Asko izan dira aurten mendiz mendi ibiltzera animatu direnak, eta 50 kidek jasoko dituzte dominak.
Ekitaldi askotan parte hartzeko izena eman edo sarrerak hartu beharko dira aldez aurretik, hortaz, adi egon aukerarik ez galtzeko.