‘Plazia argitxuz, presuak etxian’ lelopean egingo dute urtarrileko manifestazioa Lekeition
Lekeition ere presoen eta erbesteratuen etxeratzea aldarrikatzen jarraituko dute Gabonen bueltan. Enkarteladak eta manifestazioak antolatu dituzte.
Gabonen bueltan herrian egingo dituzte ekimenak aurkeztu ditu Lekeitioko Izan bidea herri dinamikak. Talde argazkia atera zuten ekimenen berri emateko, eta herritar ugari elkartu ziren horretarako.
Azaldu dutenez, osasun egoera dela eta, aurten, urtarrileko presoen aldeko Bilboko mobilizazioa herrietan egingo da, eta Lekeition Plazia argitxuz, presuak etxian lelopean egingo dute urtarrilaren 9ko manifestazioa. 17:30ean Mandaskan hasi eta plazan amaituko da.
Horrez gain, enkarteladak egingo dira Eskolapean urtarrilaren 1ean eta 8an, 19:30ean, eta abenduaren 25erako enkartelada ibiltaria antolatu dute. 19:30ean hasiko da enkartelada ibiltaria, eta ostean, Julen Atxurra Egurrola Pototoren etxe aurrera Hator Hator abestera joateko deia egin dute.
Urtero modura, eguenean [abenduak 24] herriko presoen aldeko manifestazioak zeharkatuko ditu herriko kaleak. Pototo eta Liher etxian eta bixirik lelopean egingo dute manifestazioa 20:15ean Eskolapetik hasita. Basauriko kartzelara ere egingo da martxa; hori abenduaren 26an izango da.