Aspanovasi dirua emanda, amaitutzat eman dute #AgertxoPirata proiektua
Ander Txakartegik uztailean gauzatutako ekintza solidarioari esker lortutako 12.000 euroak Aspanovasi eman diote asteburuan. Txakartegik eskerrak eman dizkie denei.
Ander Txakartegi Basterretxea abenturazale berriatuarra buru den Helmugak egitasmoak uztailean gauzatutako #AgertxoPirata ekimenari amaiera eman diote asteburuan, Aspanovas elkarteari 12.000 euro emanez.
Proiektuaren sorrera. Ager Aldazabal 2018. urtean leuzemia diagnostikatu zioten 5 urteko berriatuarrari laguntzeko asmoz jaio zen #AgertxoPirata proiektua. Abenturazale berriatuarrak Aldazabali laguntzeko asmoa agertu zuen, eta umearen gurasoek Aspanovasi laguntzea proposatu zioten. Orain, uztailean batutako dirua Aspanovasi emanda, duela bi urte amets bat zena errealitate bilakatu dela esan du Txakartegik. «Orain bi urte amestu, sentitu nuen behar hori denoi esker gaur egia bilakatu da. Eskerrik asko #AgertxoPirata proiektua sortu nuenetik alboan eduki zaituztedan guztioi, zuen ekarpena egin duzuenoi, nire ondoan kilometroren bat egin duzuenoi, bide ertzera animoak ematera irten zinetenoi eta bukatu ezinezko abar luze bati».
Txakartegik Berriatuan hasi eta amaitu zen 600 kilometroko ibilbide solidarioa egin zuen uztailaren 25etik 26ra, 32 ordutan. Ibilbidean Euskal Herriko zazpi hiriburuak zeharkatu zituen, eta ehunka herritar izan zituen aldamenean. Aspanovas elkartea irudikatzen duen kolore berdeak, beraz, Euskal Herri osoa zeharkatu zuen.
Erantzuna, erabatekoa. Proiektu solidarioa aurkeztu zuenean, Txakartegiren asmoa zen burutuko zuen kilometro bakoitzeko euro bat lortzea. Herritarren erantzuna, baina, erabatekoa izan zen, eta azkenean 12.000 euro batu ziren. Kopuru horretara heltzeko, Kryptoia Capital enpresak ere bere alea jarri zuen. Izan ere, herritarrek egiten zuten 3 euroko ekarpen bakoitzeko, beste 3 euro gehiago ipini zituen.
Aspanovasi dirua ematerakoan, Txakartegik esker oneko berbak eskaini zien proiektuaren babesleei, ekarpena egin duten guztiei eta, zelan ez, Aspanovaseko ordezkariei. «Eskerrik asko Aspanovas horrenbeste maite ditudanak hainbeste zaintzearren. Segi zuen lanean, behar nauzuenean hor edukiko nauzue. Nik egindakoaren gainetik, zuon lana eta ahalegina zerbait gehiago ikusaraztea lortzea da nire garaipena».
Proiektu solidarioa gauzatuta eta lortutako dirua eman eta gero, orain Txakartegi aurten burutuko duen proiektu solidariora begira jarri da. Laster aurkeztuko duela dio
Betirako bihotzean. Aldazabali eta haren gurasoei ere aipamen berezia egin zien. «Eskerrik asko Yolanda eta Igor, beti hor egotearren. Nik egin nuen kirol erronkak gogorra badirudi ere, zuena bai dela erronka eta gogorra! Eskerrik asko Ager, beti gordeko dut zuk emandako kanpaitxoa, etxean eta bihotzean, niretzako beti izengo zara pirata handi bat. Elkarregaz indartsuagoak gara!».
Txekea emateko ekitaldia xumea eta hunkigarria izan zela azaldu du berriatuarrak. Eta horretan parte hartu zuten Aldazabalek eta haren gurasoek, Txakartegik, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak eta Aspanovasen ordezkariek.
Proiektu solidarioa gauzatuta eta lortutako dirua eman eta gero, orain Txakartegi aurten burutuko duen proiektu solidariora begira jarri da. Dena dela, buruan darabilen horren inguruko xehetasunak laster aurkeztuko dituela esan du.