Azken orduetan 18 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun
Lea-Artibai eta Mutriku mailan, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herrien artean intzidentzia tasak gora egin du, Ondarroan ezik. Markina-Xemein ere gune gorrian sartu da. Atzora arteko datuen arabera, barikutik aurrera itxita geratuko lirateke Lekeitio, Markina-Xemein eta Ispaster.
Azken 24 orduetan COVID-19arekin kutsatutako 18 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 8 Markina-Xemeinen, 7 Lekeition, 2 Mutrikun eta 1 Etxebarrian. Orokorrean, eskualde mailan, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietan intzidentzia tasak gora egin du, Ondarroan ezik. Markina-Xemein, gainera, gune gorrian sartu da; 636,82ko tasa dauka.
Lekeitiok 733,36ko tasa edukitzetik 761,04koa edukitzera pasa da eta Mutriku 225,82ko tasatik 263,46ra. Ondarroaren kasuan, 303,49ko tasa edukitzetik 291koa edukitzera pasa da; gune laranjan egotetik gune horian egotera pasa da. Bakarrik azken herri horretan jaitsi da intzidentzia tasa.
Atzo [urtarrilak 11] Labik iragarritako neurri berrien arabera, gune gorrian dauden herrietan ostalaritza establezimenduak itxita egoteaz gain, herria bera ere perimetralki itxita geratuko da. Eta hango bizilagunek ezingo dute alboko herrira ere joan, ezta arrazoi sozioekonomikoengatik ere. Jaurlaritzak zehaztu duenez, astelehenetan eta eguenetan eguneratuko dute gune gorrian dauden herrien zerrenda. Hala, nahiz eta Labik adostutako neurri berriak eguaztenean [urtarrilak 13] indarrean sartu, gune gorrian dauden herriak ez dira itxiko zerrenda eguneratua argitaratu eta hurrengo egunera arte.
Gaur gaurkoz, Lea-Artibai eta Mutriku mailan ondoko herriak itxiko lirateke barikuan [urtarrilak 15]: Lekeitio, Markina-Xemein eta Ispaster. Azpimarratu behar da, 5.000 biztanle baino gutxiago duten herrien kasuan, Jaurlaritzak ez duela intzidentzia tasa egunero eguneratzen; astelehenetan eta eguenetan eguneratzen dute herri horietako intzidentzia tasa.