100.000 biztanleko azken 14 egunetako intzidentzia tasak 500eko kopurua "zeharo gainditzen" duela dio udalak, eta, ondorioz, Osasun Sailagaz elkarlanean, neurri murriztaileagoak hartzea erabaki dute. Neurri berriak herriak gune gorrian egoten jarraitzen duen bitartean egongo dira indarrean, edota araudi berri bat argitaratu arte.

Jaurlaritzaren azken txosten epidemilogikoaren arabera, 100.000 biztanleko 761,04ko tasa dauka Lekeitiok. “500eko kopurua zeharo gainditzen dugu”, esan dute Lekeitioko udal ordezkariek. Datu horien aurrean, eta COVID-19aren hedapena geldiaratzeko helburuagaz, udalak neurri zorrotzagoak hartzea erabaki du Osasun Sailagaz elkarlanean.
Neurri berriak eguaztenean [urtarrilak 13] sartuko direnez indarrean, Lekeitio itxi egingo da, 500eko langa gainditzen duelako. “Ezin izango da Lekeitiotik irten edo sartu arrazoitutako kasua ez bada. Eta hori betetzen dela ziurtatzeko Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontrolak egingo dituzte Lekeitioko sarrera-irteeretan”. Horrez gain, udalak ondoko neurriak ere hartu ditu, “herritarren osasuna bermatze aldera”:
- Kiroldegiaren eta igerilekuaren aforoa gaur egun dagoenaren erdira jaitsiko da. Eta igerilekura joateko aurretiaz hitzordua hartu beharko da. Ikastaroak bertan behera geratuko dira, eta kiroldegian kirola egin nahi dutenek bakarka egin beharko dute. Aldagelak ere itxi egingo dituzte.
- Gainontzeko kirol instalakuntza guztiak itxiko dituzte.
- Kultur etxean dagoen liburutegiaren eta ikasgelen aforoa ere egun dagoenaren erdira murriztuko da, eta ikastera joaten direnei aurretiaz hitzordua hartzeko gomendatu diete, “lekua edukiko dutela ziurtatzeko”.
- Ikusgarri zinema aretoa itxi egingo da; ez da proiekziorik eskainiko.
- Herriko jolasguneak itxi egingo dituzte, eta ikastetxeetako jolastokiak ere itxi egingo dituzte 16:30etik aurrera eta asteburuetan.
- Herriko parkeak 20:00etan itxiko dituzte, egunero.
- Skateparka itxi egingo da.
- Astean behin egiten den azoka bertan behera geratuko da.
Neurri horiek guztiak eguaztenetik [urtarrilak 13] aurrera egongo dira indarrean, eta bere horretan mantenduko dira Lekeitiok gune gorrian egoten jarraitzen duen bitartean edo araudi berri bat argitaratzen den bitartean. “Arau horiek zorroztasunez betetzea eskatzen diegu herritarrei”.