Urtarrilaren 17an egingo dute, eta urtarrilaren 15a da izena emateko azkenenengo eguna.
Munitibarko Udalak eta Txopitturri Guraso Elkarteak, aisialdirako hainbat eskaintza eman asmoz, agenda bateratua martxan jarri zuten berriro abenduan, eta agenda horren barruan, pista-ginkana digitala egingo dute domekan [urtarrilak 17].
Taldeka egingo dute eta taldeak, gehienez, sei pertsonetakoak izango dira. 10:00etan hasiko dute herriko plazan. Talde bakoitzak pistak jasotzeko WhatsApp aplikazioa eta Interneta daukan telefonoa eroan beharko du. Talde bakoitza hamar minutuko aldearekin hasiko da; taldeek zapatuan [urtarrilak 16] jasoko dute euren irteera ordua.
Ginkanak gehienez bi ordu eta erdi iraungo dutela jakinarazi dute antolatzaileek, eta segurtasuna eta desinfekzio “protokolo guztiak beteko” dituztela azpimarrau dute.
Izena eman. Parte hartu nahi dutenek, aldez aurretik izena eman behar dute. Horretarako
leaktibai@gmail.com helbidera idatzi edo 608 92 29 37 telefono zenbakira WhatsApp bat bidali behar dute. Izena emateko azken eguna barikua [
urtarrilak 15] da.
Agenda bateratua. Agenda bateratuagaz berriro hastean, agendaren ziklo bakoitza urtaroekin batera joango dela eta urtaro bakoitzean bi zati desberdinetan programatuko dituztela ekintzak zehaztu zuten antolatzaileek.
Neguko agendaren lehenengo zatia abenduaren 18tik urtarrilaren 17ra arte programatutako bost ekintzekin osatu zuten. Esaterako, aurreko barikuan, Naz taldearen kontzertuaz gozatu zuten udal aretoan. Aipatu bost ekintzetako bat bertan behera utzi zuten abenduaren 31an. Oiz mendira irteera egitekoak ziren, baina iragarrita zegon eguraldiagatik, biharamunean bertan behera uztea erabaki zuten.