Edoskitze tailerra eskainiko dute berriro ere Lekeition
Barikuan egitekoak ziren lehen saioa, Azkue ikastolan, baina COVID-19 pandemiak eragindako egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta, atzeratzea erabaki dute.
COVID-19 pandemia dela-eta bertan behera utzi behar izan zuten Lekeitioko osasun etxean ematen zuten Edoskitze Tailerra. Pandemia egoeran osasun etxean tailerra ematea ez zela egokiena iritzita hartu zuten erabakia. Sei hilabete eta gero, baina, tailerragaz hasiko dira berriro, kokapen berrian.
Lekeitioko Azkue Ikastolan emango dute Edoskitze Tailerra, eta lehen saioa bihar, barikua [urtarrilak 15] egitekoak ziren, 12:45etik 14:30era. Baina COVID-19 pandemiak eragindako egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta, atzeratzea erabaki dute. Izan ere, Lekeitio gune gorrian dago.
Egoerak hobera egiten duenean hasiko dituzte tailerrak. Mari Karmen Arribas Lekeitioko osasun etxeko emaginak emango ditu, eta gaiaz interesa duten emakumeak animatu dituzte amen arteko edoskitze tailerrean parte hartzera. Aurreratu dutenez, edoskitzearen inguruko esperientziak partekatuko dituzte eta taldean sortzen diren kezken inguruan arituko dira.