Parke edo jolasgune estali bat sortzearen alde egin dute mutrikuarrek
Mutrikuko Udalak herritarren nahiak zeintzuk diren ezagutzeko parte hartze prozesu bat abiarazi zuen abenduan. Orain, prozesuaren emaitzak jakinarazi dituzte, eta herritarrek gehien bozkatutako hamar proiektuak zeintzuk diren esan dute.
Mutrikuko Udalak herritarrek aurrekontuaren eraketan parte hartze handiagoa izatea nahi zuen. Helburu horri jarraituz, abenduan herritarren ideiak jasotzeko parte hartze prozesu bat abiarazi zuten, eta orain prozesuaren emaitzak jakinarazi dituzte; herritarren ideien artean hamar ideia bozkatuenak zeintzuk diren esan dute, eta parke edo jolasgune estali bat sortzearena lehen postuan geratu da, 325 botorekin.
Zine, antzerki eta, oro har, kultu ekitaldiak egiteko areto konkretu bat sortzeko proiektua bigarren geratu da, 289 botorekin. Hirugarren, aldiz, merkatu plaza atontzeko eskaera geratu da (286 boto). Aipagarria da estalitako gune bat edukitzeko hiru proposamen egotea hamar proposamen bozkatuenen zerrendan. Izan ere, horrek agerian uzten du eguraldi txarra egiten duenean herritarrek non egon ez daukatela.
Ondokoa da zerrenda osoa eta proposamen bakoitzak lortutako boto kopurua:
- Umeentzako parke edo jolasgune estali bat sortu: 325 botu.
- Zine, antzerki eta oro har kultur ekintzetako areto bat egitea: 289 botu.
- Merkatu Plaza atondo betan egon ahal izateko: 286 botu.
- Komentuko proiektua: 271 botu.
- Bidegorriak sortu: 253 botu.
- Igerileku estali bat eraiki: 252 botu.
- Osoko bilkurak zuzenean Internetez eskaini: 237 botu.
- Estalitako gune edo plaza bat eraiki: 234 botu.
- Kantinako zabalunean hobekuntzak egin: 230 botu.
- Itsasoko eta moilako balioak bultzatu: 229 botu.
Parte hartze prozesua abiarazi zutenean, udal ordezkariek esan zuten aurtengo aurrekontuan ahal diren ideia guztiak sartzen saiatuko zirela.