Ondarroa gune laranjan sartu da berriro ere
Azken 24 orduetan 15 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 5 Markina-Xemeinen, 4 Lekeition eta hiruna Ondarroan eta Mutrikun. 5.000 biztanle baino gehiago dituzten lau herrietan intzidentzia tasa igo egin da.
Azken 24 orduetan COVID-19arekin kutsatutako 15 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 5 Markina-Xemeinen, 4 Lekeition eta hiruna Ondarroan eta Mutrikun. Hain justu, atzo [urtarrilak 14] 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietan erregistratu zituzten kasu positibo berriak, eta intzidentzia tasak gora egin du herri horietan guztietan. Horren ondorioz, Ondarroa gune horian egotetik gune laranjan egotera pasatu da; 291,82ko tasa edukitzetik 326,84ko tasa edukitzera pasa da.
Mutrikuk gune laranjan egoten jarraitzen du, eta 338,73ko tasa dauka. Lekeitiok eta Markina-Xemeinen, aldiz, gune gorrian jarraitzen dute; Lekeitiok 871,73ko tasa dauka (24 ordutan 40 puntu igo da tasa), eta Markina-Xemeinek 796,02koa (24 ordutan 20 puntu igo da). Gogorarazi behar da azken bi herri horiek itxita daudela, gutxienez martitzenera arte; gaur [urtarrilak 15] itxi dituzte.
Gainerako herrietan ez dute kasu berririk erregistratu.