Lore Bengoetxea ondarrutarrak lortu du Ondarroako 2020 kirol beka
Bengoetxeak Ondarroako Udalak kirol arloko gairen bati buruzko ikerketa egiteko eskaintzen duen beka hirugarrenez lortu du. Sei hilabeteko epea edukiko du gaiari buruzko proiektua osatzeko.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Lore Bengoetxea kazetari ondarrutarrak jasoko du Ondarroako Kirolariak Historian Zehar egitasmoko 2020ko kirol beka; ikertuko duen alorra Emakumeak eta kirola Ondarroan izango da. “Eguenean batu zen balorazio batzordea. Aho batez erabaki zuten ikerketarako beka Bengoetxearentzat izatea”. Udalak kirol arloko gairen bati buruzko ikerketa egiteko eskaintzen duen beka hirugarrenez lortu du Bengoetxeak: 2013an, Ondarroa Arraun Elkartearen historia ikertu zuen eta, 2016an, ostera, Jose Mari Naberanen bizitza.
Bekaren egilearen asmoa egingo duen lanetik talde argazki bat ateratzea da. “Hau da, gizartearen beraren argazkia. Zertan huts egiten dugun antzemango dugu, eta horren aurrean neurriak hartzeko aukera zabalduko da. Balio beza lan honek aurreiritzi eta molde zaharkituak apurtzeko eta esparru naturaletan hausnartu eta eragiteko, besteak beste, ikastetxeetan. Belaunaldi gazteen artean gaia landu eta berdintasunerako beste urrats txiki bat emateko probetxuzkoa izan ahal da”.
Kazetari ondarrutarrak sei hilabeteko epea edukiko du gaiari buruzko proiektua osatzeko. Bekak 3.000 euroko balioa dauka, eta ikerketa amaitu eta epaimahaiaren onespena jaso ostean, emaitza herritarren aurrean egindako aurkezpen publikoan aurkeztu beharko du.