Novaltiako langileek elkarretaratzea egin dute Markina-Xemeinen
Zamudion dagoen kooperatibako langileek urte eta erdi daramate greba mugagabean. Kooperatibako bazkide diren farmazien aurrean ari dira protestak egiten.
550. greba eguna duten Zamudioko Novaltiako langileak Markina-Xemeinen egon dira gaur [urtarrilak 18] goizean protestan. Novaltia farmazia banaketako kooperatiba bat da, eta bazkideak hainbat farmaziaren jabeak dira. Horiek ordezkatzen dituen kontseilu errektorean hamabost farmazialari daude, eta bost Euskal Herrikoak dira, tartean Markina-Xemeingo Zamakola.
Greban dauden langileek elkarretaratzeak egiten ari dira Novaltiako kontseilu errektorean dauden farmazien aurrean, euren egoeraz jabetu daitezen, eta eurekin zuzenean hartu emanetan jarri asmoz. “Eurekin zuzenean hitz eginda ea konponbide bat bilatu dezakegun, enpresaren ordezkaritzagaz daukagun komunikazioa ez da-eta ona. Enpresak eurena besterik ez du ikusten, eta ez dugu uste kontseilu errektoreari informazio guztia heltzen zaionik; iristen zaion informazioa partziala da”. Esan dutenez, Lan Harremanen Kontseiluaren bidez bilera bat deitu nahi dute kontseilu errektorean dauden Euskal Herriko bost farmazien ordezkariekin.
Urte eta erdi (550 egun) daramate greba mugagabean Novaltiako langileek, 2019ko uztailaren 22tik. Novaltiako prekarietateari aurre egiteko hitzarmen baten alde ari direla borrokan azaldu dute. Langileen helburuak hauek dira, hain zuzen ere: lehengo hitzarmena berreskuratzea, soldata eskala bikoitzak kentzea, azpikontratazioa mugatzea, lanaldia laburtzea eta soldata igoera bat lortzea. “Enpresa hau Ascofar deitzen zen lehen, eta Aragoiko enpresa batek barneratu zuenean sortu zen Novaltia. Orduan baldintzak okertzen hasi ziren. Soldatak jaitsi egin ziren, murrizketak egon ziren, eta egoera erabat okertu zen 2019an lan hitzarmena negoziatzen ari ginenean enpresak hitzarmena kentzea erabaki zuenean. Egoera horren aurrean grebagaz hastea erabaki genuen”.
Enpresak 46 langile ditu, eta horietatik 20 dira greban daudenak. Diotenez, 2019ko azarotik ez dute negoziazio bilerarik eduki. “Gu eskaerak apaltzen joan gara, baina enpresak ez du ezer gehiago eskaini; mahai gainean daukagun proposamena greba hasi zeneko berbera da”.
Urtarrilerako ekintza sorta bat zehaztu dute. Hiru egunetan egongo dira kontseilu errektorean dauden farmazien aurrean, eta barikuan [urtarrilak 22] manifestazioa egingo dute, 10:00etan Bilboko Bide Nagusiko 85. zenbakitik hasita. Markina-Xemeingo Zamakola eta Portugaleteko Angela Angoitia farmazien aurrean egon dira gaur, eta datorren astean Gasteizera joateko asmoa daukate.