Ondarroa eta Mutriku arteko Katetxe atzea "zabortegi" bihurtzen ari dela salatu dute
Egoeraz kezkatuta, Mutrikuko Udalari neurriak hartzeko eskatu dio Eguzki talde ekologistak.
Eguzki talde ekologistak salatu duenez, Ondarroa eta Mutriku arteko mugan dagoen Katetxearen atzeko aldean geroz eta zabor gehiago pilatzen da. “Norbaitek lekua zabortegi moduan hartu duela dirudi. Hainbeste lata, zabor poltsa handi, botila… dago, edozer. Tartean, koltxoi zahar bat ere badago. Zabor asko dago pilatuta, hori dena eramateko kamioneta edo antzeko zer edo zer beharko dute”. Zaborra pilatu den tokian zaborrik ez botatzeko kartelak ere jarri dituzte.
Egoeraz kezkatuta, eta eraikina Mutrikuko lurretan dagoela kontuan hartuta, Mutrikuko Udalari neurriak hartzeko eskatu diote. “Paraje honetaz arduratzea, errudunak bilatzea eta gune hau berreskuratzea eskatu dugu udaletxean aurkeztutako idatzi baten bidez”. Inguru horretan dabiltzanei garbi jokatzeko eta zaborrak dagozkien edukiontzietara botatzeko ere eskatu diete.