Lekitto Bedarrak Usotegiko uzta banatzen jarraitzeko asmoa agertu du
Taldeak Usotegiko ortuan jasotako 300 kilo barazki banatu zituen iaz. Aurten iazko marka gainditu nahi dutela diote. Elikagaien Bankuari eman dizkiote urteko lehen barazkiak.
Lekitto Bedarra Lekeitioko ortularien elkarteak Usotegiko ortuan auzolanean jasotako uzta banatzen jarraitzeko konpromisoa agertu du. Hala, urteko lehen barazkiak Elikagaien Bankuari eman dizkiote.
Pandemia hasi zenean, elkarteak Usotegiko ortuan jasotako uzta behar gehien zuten herritarrei emateko erabakia hartu zuen. Hala, guztira 300 kilo barazki banatu zituzten iaz. «2020an 300 kilo barazki lortu genituen, eta hemeretzi aldiz dominika mojei eta bederatzi aldiz Gurutze Gorriari eman genien». Eta aurten iazko marka gainditu nahi dutela gaineratu dute.
Urteko lehen banaketan letxugak, piparrak, aza loreak, azak eta porruak eman dituzte. Eta Elikagaien Bankuak barikuan banatu zituen jaki horiek behar gehien duten herritarren artean.
Elikagaien Bankua, martxan. Lekeitioko Elikagaien Bankuak banaketa egiteari utzi zion iazko ekainean. Zerbitzua ez etetearren, udalak banaketa hori Gurutze Gorriaren bidez egitea adostu zuen. «Abendura arte Gurutze Gorriarekin egitea lotu genuen», azaldu du Amaia Antxustegi zinegotziak. Orain, baina, Uribarren Abaroa Fundazioak eta Lekeitioko Udalak elkarlanean Elikagaien Bankua berriro martxan jartzea erabaki dutela argitu du Antxustegik.
Momentuz, udaleko eta fundazioko ordezkariek egin eta antolatzen dituzte banatu beharreko janari sortak. Aurrera begira, baina, boluntario sare bat osatzeko asmoa daukatela esan du Antxustegik. «Herritarrak ere proiektu honetan inplikatzea nahi dugu. Horretarako, Udaletik-en bidez boluntario sare bat osatzeko deialdia egingo dugu laster». Sarea sortu eta gero, horretan parte hartuko duten herritarren ardura izango da sortak egin eta horiek banatzea.