Madrilgo Aranjuez kartzelatik Kantabriako El Duesora lekualdatuko dute Pototo
Madrilgo espetxeko Tratamendu Batzordeak hala proposatuta erabaki dute preso lekeitiarra lekualdatzea, eta lehenengo graduan egon beharrean, bigarren graduan egongo da hemendik aurrera.
Espainiako Espetxe Instituzioetako Idazkaritza Orokorrak bost preso lekualdatzea agindu du gaur [urtarrilak 22], tartean Julen Atxurra Egurrola Pototo lekeitiarra. Madrid VI-Aranjuez espetxetik Kantabriako El Duesoko espetxera (Santoña) lekualdatuko dute Pototo.
Madrilgo espetxeko Tratamendu Batzordeak hala proposatuta erabaki dute lekualdatzea, eta lehenengo graduan egon beharrean –25 urte lehen graduan egin ditu–, bigarren graduan egongo da hemendik aurrera.
Joan den urteko ekainean ere lekualdatu zuten lekeitiarra. Orduan Puerto I (Cadiz, Espainia) kartzelatik Aranjuezera eraman zuten. Lekeitiarrak garuneko isuria jasan zuen iazko maiatzaren 13an, eta maiatzaren 21era arte Puerto Realeko unibertsitate ospitalean egon ondoren, berriro kartzelara eraman zuten.
Julen Atxurra Egurrola 1996ko uztailean espetxeratu zuten Frantzian, eta 2013ko azaroaren 28an lekualdatu zuten Espainiako kartzeletara 30 urteko zigorra betetzeko; 2034ko apirilean beteko ditu zigorraren 3/4ak Espetxe Zuzendaritzak emandako datuen arabera.
Pototogaz gain, Raul Angel Fuentes Villota, Zigor Orbe Sevillano, Unai Lopez de Okariz Lopez eta Diego Ugarte Lopez de Arkaute preso politikoak ere lekualdatzea erabaki du Espainiako Espetxe Instituzioetako Idazkaritza Orokorrak.