Amorotoko aurkikutza arkeologikoa hobeto ezagutzen, ADESekoen eskutik
Gernika-Lumoko ADES Espeleologia Elkartekoek iazko martxoan topatu zuten Amoroton Pepetxo X deitu duten koba. Garezur bat eta ugaztun handi baten atzaparkadak daude bertako aztarnategian.
Zaletasunak altxor asko topatzeko aukera eman die ADES Espeleologia Elkartekoei taldearen sorreratik. Aurreko astean ezagutara eman zuten euren azken aurkikuntza, Amoroton kokatutako kobazulo berri bat eta bertako aztarnategia.
Koba ez dago katalogatuta, eta Pepetxo X izendatu dute eurek. “Koba bat topatzen dugunean, koordenadak hartzen ditugu, eta katalogoan, erregistroan, begiratzen dugu. Katalogatuta ez badago, haginak zorrozten zaizkigu, inor egon ez den koba batean egon garelako”, dio taldeko Urtzi Akarregi lekeitiarrak.
Amoroton bizi da Akarregi, eta aurkikuntzaren egunean egon ez bazen ere, gerora sartzeko aukera eduki du. Pandemiaren eraginez, etenaldi luzea eduki zuten espeleologoek, eta horrek prozesua luzatu du halabeharrez.
ADESekoek 2020ko martxoaren 14an aurkitu zuten kobazuloa, Atxurra inguruan. Ez zituen ezustean harrapatu. Kobazuloren baten bila ari ziren, eta aztarnategia egotea ez zitzaien arraroa egin. Atxurran, izen bereko ibaiadarra dago, eta haren inguruan leize asko daude. Hantxe, Atxamonte mendiaren magalean dago Pepetxo koba ezaguna: “Pepetxoren aztarnategia dagoenez, handik hurbil beste koba hau egoteak ez gintuen harritu. Ez ginen ibili aztarnategi baten bila, kobak topatzen ibili ginen”. Espeleologoak kontatu du kobazuloa topatu duten lekuan, pinadi handi bat egon zela, txaraka batean. Pinadia bota eta garbitu zutela jakitean, bertara jo zuten.
Espeleologoek mapa geologikoak erabiltzen dituzte –kareharria dauden eremuak zehazten dituzte–, eta kareharrizko eremu batean basoak garbitzen dituztela jakitean jotzen dute eremua aztertzera. “Guretzat halako momentuak onak izaten dira, prospektatzeko, menditik ibili eta zuloak begiratzeko. Kasu honetan toki oso estua zenez, sartzeko harria apur bat apurtu behar izan genuen”.
Hiru bat sarrera egin dituzte. Aurkikuntzak argazkietan dokumentatu, eta aztarnak babesteko neurriak hartu dituzte, eta orain, Bilboko Arkeologia Museoak dauka txostena: “Guk ikusi dugu ikusi duguna. Orain, arkeologoak sartzen direnean hor zer agertuko den inork ez daki. Hormak begiratu barik daude, eta ez dugu indusketarik egin”.
Leizeetako hartza. Tamaina handiko ugaztunenak diruditen atzaparkada marka handiak eta gizakiaren garezur bat ikusi dituzte: “Hartzen azazkalekin eginiko markak dirudite. Hemen hartzen hezurrak eta azazkalen markak leku askotan topatu dira, baina hauek oso handiak dira, itzelak. Horregatik uste dugu leizeetako hartzarenak direla. Orain dela 40-50 mila urte hemen bizi zen, eta oraingoa baino askoz handiagoa eta iletsuagoa zen”.
Garezurraren misterioa “bitxia” da, agerian baitago, eta alboan ez dago beste hezurrik: “Ez dakigu gorputza lurperatuta egon daitekeen edo burua bakarrik dagoen. Bere parean, goian, sima bat, zulo bat dago kanpoaldera ematen duena. Euria sartzen da, eta ondorioz, arinago zahartu ahal izan da. Noizkoa den ez dakigu, hori arkeologoak sartzen direnean esango dute. Ez da normalena izaten garezur bat bakarrik topatzea. Agian, arkeologoak datozenean eta lurra apur bat mugitzen dutenean agertuko da gorputz guztia”.
Lea-Artibain espeleologia munduan “pribilegiatuak” direla nabarmendu du Akarregik. “Orain ezin dira publiko egin, baina badaude irtengo diren gauza gehiago”
Daukaten esperientziagatik hezur bat ikusten dutenean badakite “zaharra edo berria” den. “Baina, noski, zaharra izan ahal da 300 urte edo 15.000 urte. Paleolitiko garaikoa izan ahal da edo neolitikoa. Baina neolitikikoan kobetan ez ziren asko ibiltzen, jada etxetxoak egiten eta kanpoan bizitzen hasi ziren. Batek daki noizkoa izan daitekeen eta zergatik dagoen garezurra bakarrik”.
Amoroton, Lekeition, Ispasterren, Berriatuan… Oro har, Lea-Artibain espeleologia munduan “pribilegiatuak” direla nabarmendu du Akarregik. “Orain ezin dira publiko egin, baina badaude irtengo diren gauza gehiago. Herri horiek kareharriz beteta daude, eta kareharria dagoen lekuetan kobazuloak daude. Kostatik oso hurrean dauden herriak direnez, aztarnategiak egotea oso erraza da. Antzina hemen bizi zen jendea kostatik hurre bizi zen; arraina, lapak eta antzekoak jaten zituzten. Hemen paleolitikoan mugimendu handia egon zen. Gauzak agertzen daude, eta pila bat gehiago agertuko dira. Koba eta aztarnategi berriak topatzen ari gara”.
Eurentzat hau ez da momenturik onena, “ahal den moduan” dabiltza, bakoitza bere inguruan, mugikortasuna mugatuta baitago: “Espeleologia gure zaletasuna da. COVIDak gure jarduerari ere min apur bat egin dio. Ez gara ikusten, ezin dugu gure jarduera normaltasunez egin. Gure inguruetatik gabiltza, baina mugimendu askorik egiteko aukera barik”.