Irakurketa Txoko berria, Etxebarrian
Katixa Agirreren 'Amek ez dute' liburua landuko dute otsailaren 5eko saioan. Orain arteko saio guztiak kultur aretoan egin izan badituzte ere, egoera honetan, segurtasun neurriak mantendu eta aforoa bermatu ahal izateko udaletxeko sarreran egiteko asmoa daukate.
Aurtengo lehen Irakurketa Txokoa edukiko dute otsailaren 5ean Etxebarrian. Katixa Agirre idazlearen Amek ez dute (Zubikarai saria 2016) liburua irakurri eta landuko dute oraingoan.
Orain arte, liburutegian eskatu izan dituzte liburuak, baina liburuzaina gaixoaldian dagoela eta liburuak udaletxera eraman dituzte, eta bertan eskuratu ahalko dituzte txokoan parte hartu nahi duten guztiek. Betiko modura, liburua irakurri eta idazleagaz solasaldian jarduteko aukera edukiko dute irakurleek. 18:30ean daukate hitzordua Etxebarriko udaletxean.
Orain arteko saio guztiak kultur aretoan egin izan badituzte ere, egoera honetan, segurtasun neurriak mantendu eta aforoa bermatu ahal izateko udaletxeko sarreran egiteko asmoa daukate. Urtzi Uriarte euskara teknikariak esan duenez, saioetako parte hartzaileen kopurua aldakorra izaten da; azken saioan ia 40 lagun egon ziren, eta parte hartzaile kopurua aldez aurretik jakiterik ez dagoenez, udaletxean leku gehiago izango dutela aurreikusi dute, distantziak mantendu eta segurtasun neurriak betetzeko.
Uriartek azaldu duenez, urtean bizpahiru saio egin ohi dituzte, idazleekin lagunduta, eta aurten ere horretan ahaleginduko dira. Horrela, ekaina orduko beste saio bat egiteko asmoa daukate. Irakurzaletasuna bultzatzeko hasi ziren aspaldi Irakurleen Txokoekin, herritarren euskaren ezagutza neurketak egin zituztenean. Inkesten arabera, irrati eta telebista entzuteko ez zeukaten arazorik, baina euskaraz irakurtzeko zailtasun gehiago zituzten. Hori indartzea izan zen egitasmoaren helburua, eta horretan jarraitzen dute.