Maria Jose Alonso zientzialariak jaso du XVII. Burdinola Ikerketa Saria
Amorotoko koooperatibak banatutako sariak nanoteknologiaren esparruaren barruan, biomedikuntza pertsonalizatuan eta birsortzailean egindako aurrerapenei buruzko lana aitortu du.
Amorotoko Burdinola kooperatibak sustatutako ikerketa saria Maria Jose Alonso doktoreak jaso du aurten. Santiagoko Unibertsitateko paraninfoan egindako ekitaldian diploma eta ikerketa garatzeko 15.000 euroko laguntza ekonomikoa jaso zuen Mikel Martinez Burdinolako zuzendari nagusiaren eskutik.
Zazpi adituk ebaluatu dituzte hautagaitzak, eta Burdinola Ikerketa Sariaren epaimahaiak nanoteknologia farmazeutikoaren esparruan egindako ikerketa “lanik nabarmenena” bereizi nahi izan du sariagaz. Zehaztu dutenez, biomedikuntza pertsonalizatuan eta birsortzailearen arloan Alonso doktoreak zuzentzen duen taldeak egindako aurrerapenak saritu nahi izan dituzte; Santiagoko Unibertsitateko Medikuntza Molekularraren eta Gaixotasun kronikoen Ikerketa Zentroko ikerketa talde bateko burua da.
Alonso doktorearen ibilbide “bikaina” ere azpimarratu nahi izan dute. Iaz, esaterako, mundu osoan eragin handiena duten ikertzaileen Power List 2020 programan sartu zuten. Bost akademiatako akademikoa ere bada, horien artean, AEBetako Medikuntza Akademiakoa.