Ondarroako lonja berrian "kalkulu arazoren bat" gertatu dela diote
HITZAk jakin ahal izan duenez, lonja berrian sartu behar den kamioi kopuruaren erdia sartzen zen. "Ez zegoen maniobratzeko nahikoa tokirik". Hori konpontzeko, eraikita zegoen zati bat berriro bota behar izan dute.
Hitzak jakin ahal izan duenaren arabera, Ondarroako portuko lonja berrian kamioien karga eta deskarga gunea izango denaren obra eremuan azken orduko aldaketak egin behar izan dituzte. Hain zuzen ere, eraikita zegoen zati bat bota egin behar izan dute, eta berriro eraiki –bideoan ikusgai–. «Sartu behar den kamioi kopuruaren erdia sartzen zen. Ez zegoen maniobratzeko nahikoa tokirik. Esan digutenez, kalkulu arazoren bat egon da».
HITZAri adierazi diotenaren arabera, abenduan kamioi eta trailer batzuekin probak egin zituzten gunean, ibilgailuen maniobragarritasuna zelakoa zen ikusteko. Portuko garraiolari enpresa bateko langileek esan dutenez, maniobrak egiteko «arazoak» egon ziren probaldian. «Arazoa konpondu eta lekua irabazteko, guneak zabaldu egin dituztela esan digute».
Ondarroako portuko arduradunak, bere aldetik, ez dagoela arazorik esan du. «Kamioiak oso ondo kabitzen dira. Hobekuntza batzuk egiten ari bagara ere, ez dago inolako arazorik». Informazio gehiago edukitzeko, HITZA Jaurlaritzako ordezkariekin jarri da harremanetan, eta haiek ez dutela gaiari buruzko adierazpenik egingo esan dute. «Lonjaren aurkezpena egingo dugu laster, eta han argituko dugu guztia».