Ondarroako lonja berriko pisaketa eremua estreinatu dute
Baxurako ontziek gaur porturatu dituzten sardina kaxak Lesteko moilako eraikin berriko baskuletan pisatu dituzte. Barikuan edo astelehenean hasiko dira egiten benta leku berrian.
Ondarroako Kalare Deuna kofradiako eraikina laster eraistea espero da, eta eraikin horretan eta inguruetan ematen diren zerbitzuetako asko dagoeneko eraikita dagoen lonja berriko eraikinera lekualdatzen hasita daude. Arrain deskargak, esaterako, Lesteko moilako eraikin berrian egiten hasita daude, eta pisaketa lanak ere bertan egin dituzte gaur [urtarrilak 27] estreinako. “Gaur lehorreratu diren baxurako ontziek bertan pisatu dituzte sardina kaxak”.
Kofradia aurreko gunean modura, pisaketarako bi baskula ipini dituzte eraikinean. “Kanpoan daudenen antzerakoak dira”. Hori bai, aurreko pisaketa eremuagaz alderatuta, baskula bakoitza bata bestearengandik bereiziago ipini dute. Lehen bi baskula bazeuden ere, garita beretik kontrolatzen ziren; orain, ostera, baskula bakoitzak kontrol puntu propioa dauka.
Lesteko moilako eraikinean, hain zuzen, arrainagaz lotutako prozedura guztia egitea da asmoa. Arrainaren manipulazioa, lehorreratzea, sailkatzea eta pisaketa egiten ari dira oraingoz. Salmenta gune berria, ostera, datozen egunotan abiaraziko dute. Oraingoz, Kalare Deuna kofradiako beheko solairuan ari dira zerbitzua ematen. “Benta barikuan [urtarrilak 29] edo datorren astelehenean [otsailak 1] hasiko gara egiten leku berrian”.
Arrainaren deskarga eta pisaketa babestuta egin ahal izatea “oso mesedegarria” dela azpimarratu dute kofradiako iturriek. “Dena bertatik bertara egongo da, eta arraina ere babestuta egongo da. Kalatxoriek arraina lapurtu eta jateko arriskua zegoen lehen, baita eguzkiak jotzeko edo zaparradak harrapatzekoa. Prozesu guztia barruan egingo da orain, eta pozik gaude”.