Energia Plana garatzeko herritarren iritzia jasoko du Markina-Xemeingo Udalak
Galdetegi bat prestatu dute, besteak beste, herritarrek klima aldaketari buruz eta energia berriztagarriei buruz daukaten iritzia batzeko.
Lehen aldiz, Energia Plana garatuko du Markina-Xemeingo Udalak, eta horretarako herritarren iritzia ezagutu nahi dute. Galdetegi bat prestatu dute, eta horren bidez klima aldaketaren eta energia berriztagarrien inguruan herritarrek duten iritzia jaso nahi dute.
Herritarrek aukera bi edukiko dituzte galdetegia bete eta udaletxera bidaltzeko. Alde batetik, Markina-Xemeingo Udalaren webgunean deskargatu ahalko da galdetegia eta bete ostean, Markina-Xemeingo Udalaren helbide elektronikora bialdu (udala@markina-xemein.eus). Bestela, Gertutik udal aldizkariaren abenduko alean argitaratu zuten galdetegia bete eta udaletxeko postontzian edo Berton bulegoan entregatu daiteke.
Udalak jakitera eman duenez, landuko duten Energia Planak Europar Batasunak finkatutako helburuak betetzea izango du xede besteak beste: “Europako araudiak 2030 urterako energia-eraginkortasuna hobetzeko helburu batzuk finkatu ditu. Horien artean aipatzekoak dira CO2 isuriak gutxitzea edota erabiltzen diren energia-iturriak gutxieneko ehuneko batetik gora berriztagarriak izatea. Hori horrela, Europatik finkaturiko helburuak bete eta datozen 20 urteetan egin beharreko ibilbidea zehaztea izango du helburu planak”.
Plana landu eta abian jartzeko diru laguntzak eskatu dituzte. Barrizar enpresagaz batera landuko dute plana.