Lekeitioko aratusteak ere bertan behera geratu dira
Egungo osasun egoerak eta COVID gaitzaren aurrean hartu beharreko babes neurriek ospakizun handiak antolatzea ezinezkoa egiten dutela azaldu du udalak.
COVID-19 gaitzak sortutako larrialdi egoera dela eta aratusteetako ekimenak bertan behera uztea erabaki dute Lekeition. “Egungo osasun egoerak eta pandemiaren aurrean hartu beharreko babes neurriek, ezinezkoa egiten dute ospakizun handiak antolatzea. Hori dela eta, aurten ezin izango ditugu Aratusteak ospatu ezta ere egun horietako kalejira, kontzertu edota bestelako ekintzak egin”, azaldu du Lekeitioko Udalak.
Egoera honetan erantzukizunez jokatzeko eskaria egin du beste behin ere udalak, ingurukoen osasuna bermatzeko neurriak jarraituz. “Pena handiz, jende pilaketak eta arrisku egoerak sortu ditzaketen jai eta ekintzak alde batera utzi behar ditugu oraingoz”.
Otsailean egiten diren Santa Ageda eguneko kalejirak edota Sasi Koipetsugaz lotutako ospakizunak taldean ez egitea ere garrantzitsua dela azpimarratu dute: “Taldeetan batzen garen bakoitzean, gure inguruko guztien osasuna arriskuan jartzen dugu. Aratuste ospakizunak beraz, hurrengo urterako utzi behar ditugu”.