Lekeitioko itsasargiko teilatua apurtu du ziklogenesiak
Zinkezko teilatua zegoen lekutik atera dute haize boladek. Eraikina aztertu eta konponketak egingo dira hurrengo egunetan.
Lekeitioko Santa Katalina itsasargiaren estalki guztia apurtu du asteburuan Justine ziklogenesiak. Zinkezko teilatua zegoen lekutik atera dute haize boladek, osorik. Kalte materialak handiak izan badira ere, ez dela zauriturik egon jakitera eman du Lekeitioko Udalak.
Datozen orduetan haize gehiago datorrela eta, zintzilik geratu den teilatua kentzen ibili dira gaur [otsailak 1] beharginak, segurtasuna bermatzeko.”Haizeak itsasora edo haitzetara ez botatzeko estalki hori, edo baten bateri ez emateko”, azaldu du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak.
Eraikinaren kalteak aztertu eta gero, hurrengo egunetan, konponketak egingo dituztela jakitera eman du alkateak: “Establezimendu bi daude eraikin horretan, taberna eta itsasargira sartzeko bulegoa. Toldo bat jarriko zaio eraikinari urik ez sartzeko, baina egoera aztertu eta kalteak zehaztu bezain laster hasiko gara konponketekin”.