Mikel Agirre aizkolari ondarrutarra 3. mailan ariko da aurrerantzean
2. mailako Banakako Bizkaiko Aizkolari Txapelketan zazpigarren sailkatu eta mailaz jaitsi da ondarrutarra.
2. mailako Banakako Bizkaiko Aizkolari Txapelketan 3. mailara jaisten diren aizkolariak erabaki dira, eta Mikel Agirre ondarrutarra dago mailaz jaitsi direnen artean.
Txapelketa atzo lehiatu zuten Dimako frontoian, eta Agirre 21 minutu eta 39 segundoko denboragaz, zazpigarren sailkatu zen. Hamar aizkolari aritu ziren 2. mailako lehian, eta azken lau sailkatuak jaitsi dira 3. mailara. Beraz, Agirregaz batera, Daniel España, Beñat Amade eta Fermin Santamaria pasatuko dira 3. mailan jokatzera.
Seigarren sailkatuarengandik hamabi segundora geratu zen ondarrutarra. “Penagaz” dago, baina min hartuta egon ostean, txapelketan parte hartu ahal izan dutelako pozik dagoela esan du: “Alkarren gainean ibili ginen bosgarren, seigarren eta zazpigarren postuak, eta nire tokatu zitzaidan hiruron artean azkena izatea. Pixka bat penaz hartu dut albistea, baina ez da arraroa izan. Eduki dudan lesioagaz, eta azken egunetan egin ahal izan nituen entrenamenduak ere ez zirenez onenak izan, parte hartzeagaz eta aurrera egin ahal izateagaz pozik geratu naiz”.
Lehenengo kanaerdiko bat ebaki zuten, jarraian, 60 ontzako enbor bat eta oinbiko bat (72 ontza) eta beste kanaerdiko bategaz amaitu zuten. Gustura hasi zela azaldu du: “72 ontzakoan hasi nintzen huts egiten. Aspaldian ibili barik, mozketetan ez nuen asmatu, hutsak egin nituen, eta azkenerako bete egin nintzen, eskuak min egiten hasi zitzaizkidan, eta dena goitik behera etorri zitzaidan”.
Xabier Garcia Utxu geratu zen txapeldun, 16 minutu eta 29 segundoko markagaz. Aritz Oregik (18.38) eta Aritz Irazabalek (18.56) osatu zuten podiuma.
Bestalde, 1. mailan lehiatu ziren sei aizkolarien artean, Aitzol Atutxak jantzi zuen txapela. 27 minutu eta 31 segundotan burutu zituen lanak txapeldunak. Julen Larrea sailkatu zen bigarren (30.37), eta David Naredo hirugarren (30.53).
Maiatzean pentatloia. Orain Euskal Herriko Bikotekako II. Pentatloi Txapelketa prestatzen hasiko da Agirre: “Horra begira nago orain. Oussmanegaz ariko naiz. Kanporaketa maiatzean egitekoa da, eta ea pandemiak uzten digun. Ea jarraikortasun bategaz egitea lortzen dugun”.
Maiatzaren 22an Tolosako zezen plazan aurreikusi dute hitzordua. 11 bikotek izena eman dute, eta horietatik sei bikote sailkatuko dira finalera.