"Osasun hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen" aurkako protesta egin dute Lekeition
Gazte Koordinadora Sozialistako kideek esan dutenez, mendebaldeko estatuek ez dute pandemiari aurre egiteko gaitasunik erakutsi. Ekimenak antolatzen jarraituko dutela diote.
Lea-Artibaiko Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, “osasun hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen” aurkako elkarretaratzean batu ziren hainbat herritar zapatuan [urtarrilak 30], Lekeition. Gazte Koordinadora Sozialistako kideek esan dutenez, mendebaldeko estatuek ez dute pandemiari aurre egiteko gaitasunik erakutsi. “Osasun arazoari osasun baliabideen horniduraz baino ezin zaio aurre egin. Eta, horretarako, inbertsioak egin beharko lituzketen bankuetako jabe eta enpresari handiek soilik errentagarriak diren eremuetan inbertitzen dute dirua”. Baieztapen horren adibidea txertoaren komertzializazioa dela esan dute.
Horrez gain, egoeraz aprobetxatuta, politikari profesionalen jardunbidea “puntako armagintza eta polizia baliabideak indartzera” bideratu dela diote, “langileriaren erantzun posibleen aurrean prestatzeko”. Oinarrizko giza eskubideen deuseztapen bat gertatzen ari dela diote, “kolore guztietako alderdien onespenagaz”.
Irakurketa horren aurrean, antolatzeko eta erantzuteko deia egin dute GKSkoek, eta aurrerantzean ere egingo dituzten ekimenetan parte hartzera deitu dute. “Datorren basakeria kapitalistaren aurrean, euskal estatu sozialista helburu duen antolakuntza indartzen jarraituko dugu”.