Barikuan ipiniko dituzte salgai Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saioetarako sarrerak
Pailazoek otsailaren 27an eskainiko dute ikuskizuna, Mutrikuko kiroldegian. Bi saio eskainiko dituzte: 16:00etan eta 18:30ean. Barikuan 10:00etan ipiniko dituzte sarrerak salgai, Internetez. Prezio ezberdineko sarrerak egongo dira aukeran.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Amaren intxaurrak ikuskizuna eskainiko dute otsailaren 27an Mutrikuko kiroldegian, udalak antolatuta. Kiroldegiko aforoa murriztuta dagoenez, bi saio eskainiko dituzte, 16:00etan eta 18:30ean. Sarrerak barikuan [otsailak 5] 10:00etatik aurrera hasiko dira saltzen, Internetez.
Herrien itxiera perimetrala dela eta, ikuskizuna bakarrik Mutrikuko bizilagunek ikusi ahalko dute. “Ikuskizun bakoitzerako 250 sarrera jarriko dira saltzen, eta prezio ezberdineko sarrerak egongo dira: kantxako sarrerak 6,5 euro balioko ditu, harmailetako sarrerak 6 euro eta harmailetako lehen ilarako eta izkinetako eserlekuek 5 euro. Azken eserleku horiek ikuspegia zer edo zer murritzagoa dute”.
[SARRERAK EROSI, HEMENDIK!] *Otsailaren 5eko 10:00etatik aurrera
Mutrikuko Udalak zehaztu du herritar bakoitzak gehienez ere lau sarrera erosi ahalko dituela. Horrez gain, ume bakoitzarekin heldu bakarra joan ahalko dela esan dute. “Eta segurtasuna bermatu ahal izateko, heldu batek gehienez bi haurrekin joateko aukera edukiko du”. Gaineratu dute ikuskizuna ikustera sartzeko zehaztutako baldintzak ezinbestean bete beharko direla.