Berriatura etorri berriei ongietorria emango diete udaletxean
Ekitaldi bat prestatu du Berriatuko Udalak biharko [otsailak 3] eta herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Joan den urtean Berriatura bizitzera etorri ziren pertsonei ongietorria emateko ekitaldia antolatu du Berriatuko Udalak. Eguaztenean [otsailak 3] egingo da ekitaldia, 18:30ean, udaletxean, eta bizilagun berriez gain, herriko elkarteetako ordezkariak eta norbanakoak ere gonbidatu dituzte parte hartzera.
Berriatuan bizi diren herritarren aniztasuna kontuan hartuta, herritarren arteko kohesioa bultzatzeko lanean ari da udala, eta zentzu horregaz antolatu dute biharko ekitaldia ere. Azaldu dutenez, helburua bikoitza da: “Alde batetik, etorri berriei herria hurretik ezagutzeko aukera ematea, eta bestetik, aurrez aurreko harremanak baliatuz, inklusioan urratsak emateko herritarren arteko ezagutza sustatzea“.
Zehaztu dutenez, ordubete inguruko ekitaldia izango da, eta ekitaldia COVID-19-aren aurreko prebentzio eta segurtasun neurriekin egingo da.