Haur txikien familientzako formakuntza tailerra eskainiko dute Lekeitioko Azkue Ikastolan
Ordu eta erdiko bi saio eskainiko dituzte Olgetako bi kidek, eguenean [otsailak 4] eta otsailaren 11n. Gaian interesa daukaten guztiei zabalik dago tailerra.
0-3 urte bitarteko haurren jolaserako beharrak azaldu eta behar horiei erantzuteko material desberdinak aurkeztuko dituzte Olgetako Itsaso Pagoagak eta Maialen Untzaluk Lekeitioko Azkue Ikastolak antolatu duen Haurraren lehen jolasa tailerrean. Ordu eta erdiko saio bi eskainiko dituzte Olgetako bi kideek, eguenean [otsailak 4] eta otsailaren 11n, biak ere 17:30ean hasita egingo dira, Azkue Ikastolan.
Aurreratu dutenez, egueneko lehenengo saioan jolasari buruzko sarrera labur bat egin eta adin tarte horretako haurrak zelakoak diren eta zein ezaugarri dituzten aztertuko dute, garapena eta jolasa ardatz hartuta. Horrez gain, 0-1 urte bitarteko haurraren ezaugarriak eta jolaserako proposamen eta materialak ere landuko dituzte, eta zalantzak argitu eta galderak egiteko tartea ere egongo da.
Otsailaren 11ko bigarren saioan, berriz, 1-2 urte eta 2-3 urte bitarteko haurren ezaugarriak eta jolaserako proposamen eta materialak jorratuko dituzte, eta zalantza eta galderen tartea ere egongo da.
Gaian interesa daukaten herritar guztiek parte hartu dezakete tailerrean; parte hartzeko Azkue ikastolara deitu behar da.