Abandonatutako hamabost ibilgailu erretiratu dituzte Ondarroako kaleetatik
Zerbitzua ematen hasi zirenetik sei auto, hiru furgoneta, hiru ziklomotor, bi quad eta kuadriziklo arin bat kendu dituzte udalerriko bide publikoetatik. Beste hamar bat ibilgailu ere txatartegira eramateko begiz jota ditu Udaltzaingoak.
Abandonatutako autoak kentzeko zerbitzuari buruzko balorazio oso positiboa egin du Ondarroako Udalak. Zerbitzua ematen hasi zirenetik hamabost ibilgailu erretiratu dituzte udalerriko bide publikoetatik: sei auto, hiru furgoneta, hiru ziklomotor, bi quad eta kuadriziklo arin bat. “Udaltzaingoaren proiektu berri honi esker, azaroaren 13an kendu ziren lehendabiziko autoak Ondarroako bide publikoetatik. Gaur arte, hamabost dira erretiratu diren ibilgailuak eta Udaltzaingoak beste batzuk ere badauzka begiz jota. Zerrendan beste hamar bat ibilgailu dauzkagu; horiek apurka-apurka kentzen joango gara, ondoren txatartegira eramateko”.
Udaltzaingoak abandonatuta ikusi dituen eta euren zerrendetara gehitu dituen ibilgailuez gain, herritarrek euren ibilgailuak zerrenda horretara gehitzeko aukera ere badutela gogorarazi du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. “Ibilgailuak kalean abandonatu beharreran, ibilgailuaren dokumentazio guztiagaz, giltz guztiekin eta jabearen nortasun agiriagaz Udaltzaingora joan, eta eskaria baino ez da egin behar. Behin hori eginda Udaltzaingoa arduratuko da gainontzeko kudeaketa guztiagaz eta ibilgailua txartartegia eramateaz. Doako zerbitzua da”.
Ondarroan dagoen aparkaleku gabezia ikusirik, erabiltzen ez diren ibilgailuek aparkalekuak ez betetzea da zerbitzuaren helburua. Bedialaunetak adierazi duenez, uste baino auto abandonatu gehiago dago herrian beste ibilgailu batzuei lekua kentzen. “Badakigu herrian aparkatzea arazoa dela gaur egun. Arazo horri irtenbidea emateko neurrietako bat da zerbitzu hau”.