Berriatuko Udalak herria aurkeztu die herritar berriei
Iaz Berriatura bizitzera joan zirenei ongietorria emateko ekitaldia egin dute gaur, bigarren urtez. Herritar berriek euren esperientzia kontatu ahal izan dute.
2020an Berriatura bizitzera joan ziren herritarrei ongietorria emateko ekitaldia egin du gaur [otsailak 3] Berriatuko Udalak. Herria eta inguruak aurkeztu eta esperientziak partekatzeko saio xumea egin dute, udaletxeko sarreran.
Herriko jai egunak, ospakizunak, auzoak eta beste hainbat ezaugarri aurkeztuz hasi du ekitaldia Jon Arriola Berriatuko alkateak. Eta azaldu di Berriatuko biztanleriaren %17 beste herrialde batetik etorritakoa dela. «Horren aurrean, ongietorria eman eta herria aurkezteko eta euren esperientziak jasotzeko ekitaldia egitearen alde egin genuen». Hala, 2019an egin zuten lehendabiziko saioa, eta gaur, 2020ari zegokiona.
Zehaztu dutenez, iaz 38 izan ziren Berriatura bizitzera joan zirenak; horietatik zortzi izan dira ekitaldian parte hartu dutenak.
Herri euskalduna izanda, euskarak daukan garrantzia azpimarratzeko Uemak egindako bideo bat ere proiektatu dute. Ikus-entzunezkoak, hain zuzen, Espainiatik zein beste herrialde batzuetatik Euskal Herrira bizitzera etorritako herritarren esperientziak jasotzen ditu.
Berriatuan dagoen jatorri aniztasunak herria bera ere aberastu egiten duela gaineratu eta herritar guztien arteko elkarlana azpimarratu dute.
Ekitaldiari amaiera emateko, saioan parte hartu dutenek euren esperientzia kontatu dute; Zergatik aukeratu duzue Berriatua? galderari erantzun diete. Batzuk lana bilatzeko asmoz etorri direla esan dute, baina baita ere Berriatua «herri lasaia eta umeak hazteko leku aproposa» delako.
Ikasturte honetan Berriatuan euskara irakasten ari den AEK-ko irakasleak ere parte hartu du saioan. «Beti saiatzen gara Berriatuan ere euskara ikasteko taldea sortzen. Aurten aukera hori egon da, eta taldea sortu da». Oro har, euskaraz ez dakitenei euskara ikasteko gonbitea egin die.