Etxebarria gune gorrian sartu da, eta Ziortza-Bolibar eta Mendexa atera egin dira
Lekeitiok eta Markina-Xemeinek gune gorrian egoten jarraitzen dute. Ziortza-Bolibarrek eta Mendexak 500etik gorako intzidentzia tasa badaukate ere, azken 7 egunetan ez dute kasu positiborik eduki, eta horregatik geratu dira gune gorritik kanpo. Azken orduetan 7 kasu gehiago erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun.
Eusko Jaurlaritzak gaur [otsailak 4] argitaratu duen txostenaren arabera, Etxebarria gune gorrian sartu da, 500eko intzidentzia tasa gainditzen duelako, azken egunetan positiboak erregistratu dituztelako eta gainera dagokion osasun eremua (Markina-Xemein) gune gorrian dagoelako. Lekeitiok eta Markina-Xemeinek ere gune gorrian egoten jarraitzen dute. Baina Ziortza-Bolibar eta Mendexa gune gorritik kanpo geratu dira.
Nahiz eta Ziortza-Bolibarrek eta Mendexak intzidentzia tasa 500etik gora eduki, Jaurlaritzak 5.000 biztanle baino gutxiago dituzte herriak gune gorrian egoteko ezarritako irizpideak ez dituzte betetzen: 500etik gorako intzidentzia tasa badaukate ere, eta nahiz eta euren osasun eremuak gune gorrian egon, azken 7 egunetan ez dute positiborik erregistratu bi herri horietan. Eta azken ñabardura horrek gune gorritik kanpo utzi ditu. Aipatzekoa da Mendexak joan den aste osoan ere ez zuela positiborik eduki, bai ostera Ziortza-Bolibarrek. Azken herri horretan, duela zortzi egun (urtarrilak 27) erregistratu zuten azken positiboa, baina irizpidea azken 7 egunetan ez edukitzea da, beraz, gune gorritik kanpo geratu da.
Beraz, bihartik aurrera [otsailak 5] Ziortza-Bolibarren eta Mendexan ostalaritza establezimenduak zabaldu ahalko dituzte, eta eskola kiroleko jarduerak edukiz gero, horiei ere berrekin ahal izango diete. Etxebarrian, ostera, ostalaritza establezimenduak itxi egin beharko dituzte (soilik eramateko zerbitzua eskaini ahalko dute), eta eskola kiroleko jarduerak antolatuta bazituzte, horiek ere ezingo dituzte egin.
Positibo berriak. Azken 24 orduetan 7 positibo gehiago erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 3 Ondarroan eta bana Berriatuan, Etxebarrian, Lekeition eta Mutrikun. Azken egunetako joera mantendu egiten da, eta, orokorrean, Lea-Artibai eta Mutrikuko intzidentzia mailak behera egiten jarraitzen du. Mutriku, esaterako, gune laranjan egotetik gune horian egotera pasatu da.
Gaur gaurkoz, ondokoa da herriz herriko intzidentzia tasa:
- Amoroto: 240,96 (24 ordutan 240 puntu jaitsi da)
- Aulesti: 299,40
- Berriatua: 636,44 (24 ordutan 80 puntu igo da)
- Etxebarria: 536,91 (24 ordutan 130 puntu inguru igo da)
- Gizaburuaga: 1.500,00 (24 ordutan 500 puntu jaitsi da)
- Ispaster: 134,41
- Lekeitio: 761,04 (24 ordutan ia 40 puntu jaitsi da)
- Markina-Xemein: 1.054,73 (24 ordutan 200 puntu baino gehiago jaitsi da)
- Mendexa: 847,46 (24 ordutan 200 puntu inguru jaitsi da)
- Munitibar: 218,34 (24 ordutan 600 puntu baino gehiago jaitsi da)
- Mutriku: 263,46 (24 ordutan ia 100 puntu jaitsi da)
- Ondarroa: 338,51
- Ziortza-Bolibar: 683,37 (24 ordutan 600 puntu baino gehiago jaitsi da)