Gipuzkoa AECC elkartekoek bazkide egiteko mahaia kalera atera dute Mutrikun
Herri mailan lagundu nahi duten herritarrei kanpainan parte hartzeko gonbidapena egin diete.
Gaur [otsailak 4] Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta egun horren harira, AECC Gipuzkoa Elkarteko kideak eta boluntarioak bazkide laguntzaile berriak lortzeko asmoarekin kalera atera dira Mutrikun. Goiko Plazan ipini duten karpan egon dira goiz osoan, eta bihar [otsailak 5] ere 09:30etik 13:30era bertan egongo direla iragarri dute. “Biharkoa azoka eguna da, eta jende gehiago ibiltzen da kaletik; hori dela eta, bazkide gehiago egiteko asmoa dugu”.
Bazkidetza kanpanari buruzko xehetasunak emateaz gain, Goiko Plazatik igaro direnei bestelako informazioa ere banatu diete. “Zer ikerketa dauden martxan, dirua zertan inbertitzen den, zenbat kasu diagnostikatu diren, zeintzuk diren minbizia mota ohikoenak eta antzerako kontuei buruzko informazioa banatu diegu herritarrei”.
Herri mailan lagundu nahi dutenei kanpainan parte hartzeko gonbidapena egin diete. “Bazkide egiten direnek hilean 10 euroko ekarpena egiteko konpromisoa hartuko dute, eta nahi duenak, diru gehiagokoa egiteko aukera ere badu; hortik aurrera, bakoitzak nahi duena”. Bazkide kanpainatik batzen den dirua ikerketa sustatzeko eta eskualdean minbizia dutenei eta haien senideei zuzendutako ekintzak diruz laguntzeko bideratuko direla esan dute.
Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, gainera, Zabiel Jauregia ere berdez argiztatuta egongo da gaurtik astelehenera [otsailak 8] bitartera.