Lekeition amaituko dituzte udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak
Ekainaren 28tik uztailaren 4ra Zumaiatik Lekeitiorako bidea egingo dute gazteek. UEMAk izena emateko epea zabaldu du; martxoaren 31ra arte izena eman daiteke.
Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea helburu duten topaketak ekainaren 28tik uztailaren 4ra egingo dira, Salto izenburupean. Aurten ere ibiltaria izango da ekimena, eta Zumaiatik Lekeitiorako bidea egingo dute gazteek. Lau etapa egingo dituzte.
- 1. etapa Zumaia eta Itziar artekoa izango da (ekainak 28).
- 2. etapa Itziarrren hasi eta Ondarroan amaituko dute (ekainak 29-30).
- 3. etapan Ondarroatik Lekeitiora joango dira (uztailak 1, 2 eta 3).
- 4. etapan Lekeitiotik etxera (uztailak 4) itzuliko dira.
Iaz, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zituzten topaketak. Aurten, baina, ekimena egin ahal izatea espero dute, eta Uemak izena emateko epea zabaldu du; martxoaren 31ra arte egongo da izena emateko epea zabalik. Horretarako 943-81 66 99 telefono zenbakira deitu, datuak posta elektronikoz hezkuntza@uema.eus helbidera bidali edo Uemaren web orrialdean dagoen estekan datuak bete behar dira.
14 eta 18 urte arteko 50 gazteek parte hartu dezakete: “Kopurua gainditzen bada, taldea osatzeko lurraldetasuna, genero irizpidea, eta izena emateko ordena hartuko dira kontuan”, esan dute. Bertoko hamar udalerri dauden Ueman: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar,Mutriku, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar. Beraz, udalerri horietako gazteek parte hartu dezakete.
Uemaren jarduna. Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira Uemaren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du Uemak, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean Uemako teknikariak; Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin jarduten dute. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu Uemak azken urteotan: “Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua”.
Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau “erakargarriagaz” (kantaldiak, kontzertuak, jolasak, solasaldiak…), gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi dituzte urteroko topaketa hauekin.