KRONOLOGIA: Zaldibarko Verter Recycling zabortegiko hondamendia
KRONOLOGIA:
- 2020ko otsailak 6. 16:00etan Zaldibarko Verter Recycling zabortegian lur jauzia gertatu zen. Luiziak Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran beharginak azpian harrapatu zituen. Bilaketa lanekin hasi ziren, baina eten egin behar izan zituzten, amiantoa atzeman zutelako.
- 2020ko otsailak 7. Amiantoaren aurreko protokoloa aktibatu zuten. Bilaketagaz jarraitu zuten, baina lanak gelditu egin ziren luizi gehiagoren arriskuagatik. Zabortegian suteak pizten hasi ziren. Markina-Xemeingo Udalak bere babesa adierazi zien lan istripuaren ondorioz desagertuta jarraitzen zuen herritarraren senide eta gertukoei.
- 2020ko otsailak 10. Ehunka herritar elkartu ziren Markina-Xemeinen zabortegian gertatutakoa argitzeko exijitzeko.
- 2020ko otsailak 12. Sua itzaltzen saiatu ziren robot baten laguntzagaz.
- 2020ko otsailak 13. Zabortegia egonkortzen hasi ziren bilaketa lanekin segurtasunez jarraitzeko.
- 2020ko otsailak 20. Gertatutakoa argitzeko exijitzeko, Lea-Artibai mailako manifestazioa egin zen, Markina- Xemeinen.
- 2020ko otsailak 14. Ezohiko dioxina eta furano maila altuak neurtu zituzten airean, eta Zaldibar, Eibar eta Ermuko bizilagunei etxeko leihoak itxita mantentzeko eskatu eta kalean ariketa fisikorik ez egiteko gomendatu zieten. Inauterietako ekitaldi batzuk eta Eskola Kirola bertan behera geratu ziren.
- 2020ko otsailak 15. Zaldibar Argitu herri plataforma sortu zen, eta erantzukizun eta azalpenak eskatzeko martxa bat egin zen Zaldibarko Eitzaga auzoraino.
- 2020ko martxoak 4. Eusko Jaurlaritzak hasiera eman zion ingurumen erantzukizunaren espedienteari.
- 2020ko martxoak 12. COVID-19 gaitza zela eta, Markina-Xemeinen egitekoa zen eskualde mailako giza katea atzeratzea erabaki zuen Zaldibar Argituk. Horren ordez, Goiko Portalean elkartu eta Alberto eta Joaquin zenbat egunez falta diren gogorarazteko taula jarri zuten.
- 2020ko martxoak 16. Administrazio publikoak hasitako lanei laguntzeko lan osagarriak egiten hasteko errekerimendua bidali zion Jaurlaritzak zabortegiaren jabe den Verter Recycling enpresari.
- 2020ko apirilak 6. Alberto Sololuzeren ibilgailua zena aurkitu zuten zabortegian.
- 2020ko maiatzak 5. Alberto Sololuze Txurrukaren familiak mozioa aurkeztu zuen Markina-Xemeingo Udalean. Horretan, lehentasuna bi beharginak aurkitzea izatea eskatzen zuten. EAJk ezezkoa eman zion, eta EH Bilduk alde bozkatu zuen. Mozioak ez zuen aurrera egin.
- 2020ko maiatzak 14. Kasuaren «larritasuna» ikusita, Europako Ingurumen Batzordeak esan zuen auzia aztertuko zuela.
- 2020ko ekainak 7. Ertzaintzak «kriminalitate zantzuak» aurkitu zituen zabortegiaren kudeaketan.
- 2020ko ekainak 8. Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegian egindako lanen lehen fakturak bidali zizkion Verter Recyclingi.
- 2020ko uztailak 3. Zaldibar Argituk eta Ekologistak Martxanek auzia ikertzeko eskatu zuten Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordean.
- 2020ko uztailak 4. Euskal Herri mailako manifestazioa egin zen, Eibarren.
- 2020ko uztailak 21. Ertzaintzak Verter Recycling enpresako hiru arduradunak atxilotu zituen. Atxiloketak «epailearen aginduz» egin zituztela esan zuten.
- 2020ko uztailak 22. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak esan zuen Durango eta Eibarko epaitegiek ez zutela zabortegiko arduradunen atxiloketa agindu. Hori «polizia operazio hutsa» izan zela esan zuen.
- 2020ko uztailak 24. «Zuhurtziagabekeriazko homizidioa» inputatuta, epaileak aske utzi zituen zabortegiko arduradunak.
- 2020ko abuztuak 3. Zaldibar Argitu plataformak elkarretaratzea egin zuen Eusko Legebiltzarraren aurrean.
- 2020ko abuztuak 6. Elkarretaratzeak egin ziren Markina-Xemeinen, Etxebarrian eta beste herri batzuetan.
- 2020ko abuztuak 16. Bilaketa lanetan ari ziren ertzainek gorpuzkin batzuk aurkitu zituzten. 2020ko abuztuak 19. Gorpuzkinak Alberto Sololuzerenak zirela baieztatu zuten.
- 2020ko irailak 8. Azken agurra eman zioten Alberto Sololuzeri Xemeingo parrokian.
- 2020ko urriak 5. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta Zaldibar Argitu herri akusazio modura aurkeztu ziren zabortegiaren auzian.
- 2020ko azaroak 24. Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeak auzia ikertzea onartu zuen.
- 2020ko abenduak 6. Zabortegia erori zenetik hamar hilabete betetzen zirela eta, elkarretaratzeak egin ziren Etxebarrian eta Markina-Xemeinen. Zallan, Zaldibarren, Elgetan eta Ermuan ere mobilizazioak egin ziren.
- 2121eko urtarrilak 20. Eusko Jaurlaritzak ingurumen kalteen erantzukizuna egotzi zion Verter Recyclingi.