Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrek babesa erakutsi diete Zelaiari eta Barbadori
Aulestin, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mutrikun eta Ondarroan 'Orain inoiz baino gehiago, ankerkeriari stop!' lelopean egin dituzte elkarretaratzeak.
Ankerkeria Stop plataformak deituta, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrei elkartasuna adierazteko mobilizazioak egin dituzte asteburuan Euskal Herriko kale eta plazetan. Mutriku eta Lea-Artibaiko zenbait herritan ere kalera atera dira herritarrak.
Aulestin, Lekeition, Mutrikun eta Ondarroan zapatu [otsailak 6] eguerdian Orain inoiz baino gehiago, ankerkeriari stop! lelopean egin zituzten elkarretaratzeak; Zelaia eta Barbardo aske uzteko eskatu zuten bateko eta besteko mobilizazioetan batu ziren dozenaka herritarrek. Markina-Xemeinen, aldiz, domeka [otsailak 7] eguerdian batu ziren herritarrak, lelo bera zeraman pankartaren atzean.
Espainiako Auzitegi Nazionalak aurreko astean jakinarazi zuen bi gazteen aurkako epaia. Launa urteko espetxe zigorra ebatzi du epaitegiak, lehergaiak egiteko materiala edukitzea leporatuta. Gertaera horiek salatzeko eta gazteei elkartasuna adierazteko egin dituzte elkarretaratzeak.