Simon Bolivar "herritarrei hurreratzeko" unitate didaktikoa aurkeztu dute
Simon Bolivar 'Askatzailea' zein izan zen eta harek edukitako bizitza "modu erakargarrian" azaltzen duen unitate didaktikoa aurkeztu dute Simon Bolivar Museoak eta Ziortza-Bolibarko Udalak. Argitalpenak Eñaut Aiartzaguena Bravo marrazkigile eta diseinatzaile grafiko iurretarrak egindako irudiak eta ipuina jasotzen ditu, eta baita ere ariketa batzuk.
Simon Bolivar Askatzailea-ren inguruko unitate didaktikoa aurkeztu dute Ziortza-Bolibarren. Proiektua, hain zuzen, Askatzailea zein izan zen eta ze bizimodu eduki zuen “herritarrei hurreratzeko” asmoz gauzatu dute Simon Bolivar Museoak eta Ziortza-Bolibarko Udalak. Eñaut Aiartzaguena Bravo marrazkigile eta diseinatzaile grafiko iurretarra arduratu da irudiak eta testua sortzeaz. Argitalpena barikuan [otsailak 5] aurkeztu zuten, segurtasun neurri guztiak hartuta Ziortza-Bolibarko frontoian egindako ekitaldi xumean.
Aiartzaguenak azaldu zuenez, ume eta oro har, familiei “modu erakargarri batean” Simon Bolivar nor izan zen erakutsi nahi izan dute. “Material erakargarria sortu nahi izan dugu. Horregatik, Simon Bolivarren bizitza marrazkiz lagundutako ipuin baten bidez kontatu dugu”. Azpimarratu zuen, Askatzailea pertsona bezala erakutsi nahi izan dutela. “Denaren gainetik, pertsona bat zen, gu guztiok bezalakoa. Eta pertsona izaera hori hurreratu nahi izan dugu. Ez gara hark edukitako gerretan sartu; haren bizitza da ipuinaren ardatza”.
Ipuina eta ariketak. Ziortza-Bolibarren jolasean ari diren bi umeren (Jare eta Ana) arteko elkarrizketatik abiatuta, urteak atzera egin eta Simon Bolivarren bizitza errepasatzen du ipuinak. “Anaren gurasoak Boliviatik etorritakoak dira, eta herriaren izenen arteko loturak egiten hasten dira. Hori da abiapuntua. Ipuinak berak kulturartekotasuna ere jorratzen du, eta aukera ematen du baita ere begirada kritiko batetik Hego Ameriketan guk egindakoa azterktzeko”.
Ipuinaren amaieran, gainera, familian egin daitezkeen ariketa batzuk proposatzen direla azaldu zuen.
Bolivarrek “gauza handiak egin eta lortu” zituela ere esan zuen. “Niretzako plazer bat izan da proiektu honetan parte hartzea, lana izateaz gain, ikasi ere egin dudalako”. Aurkezpena amaitu zuen esaten unitate didaktikoaren inguruko ekarpenak jasotzeko zabalik daudela, bai bera eta baita ere udaleko eta museoko ordezkariak. “Edozeinek ekarpenik egin nahiko balu, ateak zabalik ditu”.
Aurkezpenera hurreratu ziren herritarrei argitalpenaren ale bat banatu zieten, baina esan zuten herriko etxebizitza guztietara ere banatuko dutela. Horrez gain, inguruko herrietako ikastetxeei eskaintzeko asmoa daukatela ere gaineratu zuten.
Ekitaldiari amaiera emateko, Lorea Zulaika herriko musikagile eta abeslariak kontzertu txiki bat eskaini zuen, hiruzpalau abesti eskainiz.