Joselito ospetsuak aurreskua dantzatu zuen Muniben
Joselito aktore ezagunaren etorrerak ikusmin handia eragin zuen Markina-Xemeinen eta Etxebarrian. Beragaz batera aritu ziren dantzan Markina-Xemeingo San Miguel de Arretxinaga dantza taldekoak.
Umeak eskolak amaituta aringa-aringa eta nagusiak zereginak etenda, presaka; ikaragarrizko zurrunbiloa eragin zuen Joselitoren etorrerak Markina-Xemeinen eta Etxebarrian orain dela 57 urte. Berehala zabaldu zen herritarren artean urrezko ahotsa zeukan gaztetxoa Munibe jauregian film bat grabatzera zetorrenaren berria. Zinema munduko izar handia zen orduan Joselito abeslari eta aktore espainiarra; El niño ruiseñor, El niño de la voz de oro edota El pequeño ruiseñor ezizenekin zen ezaguna bere ahots ederragatik. Joselitok Europa osoa zeharkatu zuen biran bere filmeekin, Asian egon zen, herrialde latinoamerikarretan abestu zuen, eta Markina-Xemeinen eta Etxebarrian ere inork ez zuen galdu nahi horrelako aktore ospetsu bat ezagutzeko aukera.
Erromeria. 1965 urtean estreinatu zen La vida nueva de Pedrito Andia antzeztu behar zuen Joselitok. Rafael Sanchez Mazasen eleberri batean oinarritutako filmak Pedrito de Andia bere garaiera baxuagatik konplexua duen nerabearen istorioa kontatzen du. Bere txikitako lagun bategaz maiteminduta dago, eta hark kasu egiteko ahaleginak egingo ditu.
1964ko urrian etorri ziren Rafael Gil zuzendaria eta haren lantalde osoa grabaketak egitera Munibera. Euskal erromeria bat irudikatu nahi zuten, eta gainera, aurreskua dantzatu behar zuen Joselitok. Hori dela eta, filmaren arduradunak hartu-emanetan jarri ziren garai hartan Markina-Xemeinen zegoen dantza taldeagaz: San Miguel de Arretxinaga. Talde osoak parte hartu zuen filmean. Dantzariak hiruzpalau bat egunez egon ziren grabatzen.
Gurdi gainean ailegatu behar ziren Munibe jauregiaren aurrean egingo zen erromeriaraino, eta bide hori kantuan egin zuen Joselitok, zatitxo bat euskaraz ere bai. Dantzariek, berriz, txistua jotzen zuten. Gorabeheraren bat ere egon zen, behin baino gehiagotan errepikatu behar izan zuten bidaiatxoan. Lagun asko sartu behar ziren gurdietan, eta dantzariren bat erori ere egin zen gurditik.
Aurreskua. Soltean dantza batzuk eginda, aurreskuaren txanda ailegatu zen. Angel Kareaga eta Juan Jose Arrillaga dantzariek Pedrito de Andia (Joselito) maiteminduta zegoen Isabel (Karin Mossberg) filmeko neska protagonista atera zuten, eta Joselito jarri zen aurrean aurreskua egiteko. Baina badago sekretutxo bat aurresku horren inguruan; Joselitok barik, Mari Carmen Zelaiak egin zuela dantzan.
San Miguel de Arretxinaga dantza taldeko dantzari gaztetxoa zen Zelaia, eta tamainaz, Joselitoren antzekoa. Beraz, bera aukeratu zuen aktorea ordezkatzeko. Ile luzea zeukan, eta moztu egin behar izan zuen aktorearen itxura handiagoa edukitzeko. Prestutasun horren truke, Zelaiak ordainsari bat edukitzea adostu zuten dantza taldekoek. Beste dantzariek ere jaso zuten zenbateko bat, baina Zelaiaren konpentsazioa hobea izatea lortu zuten. Gaur egun AEBetan bizi da Zelaia.
Beste pasadizo bat ere gogoratzen dute film hartan parte hartu zutenek: euriarena. Eguraldian ezin agindu, eta Euskal Herrian euria egitea ohikoa bada ere, egun haietan tantarik ere ez zuen egin. Filmerako euria behar zuten, ordea; gurdian egin behar zuten jauregirainoko bidean euria hasi eta jauregiaren atarian babestu behar ziren protagonistak. Baina ezer ere ez. Horrela, suhiltzaileei deitu zieten, euria bailitz, ura botatzera etortzeko. Gernikako suhiltzaileak etorri ziren, garai hartan Markina-Xemeinen suhiltzaile etxerik ez zegoelako.
Eszenak behin eta berriz errepikatu behar izan zituzten, hala ere, esperientzia aberasgarria izan zen figurante aritu zirenentzat. Dantzariez gain, beste hainbat herritarrek ere filmean parte hartzeko aukera eduki zuten modu batean edo bestean, eta diru apur bat ere irabazi zutela diote; 200-300 bat peseta. Gutiziaren bat ere erosiko zuen bateren batek propinatxo horregaz. Asko izan ziren bai eta ere, grabaketa ikusten egon zirenak.