Berriatuko Eskolak Aspanovasi emango dio santa eskean batutako dirua
Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna da otsailaren 15a, eta Aspanovas elkartearen proposamenagaz bat eginez, ‘Bizitzaren Zuhaitzak’ irudikatuko dituzte Berriatuko Eskolan.
Txikitik handira gauza asko lortzen dira, elkartasunak ez baitauka mugarik. Ondo dakite hori Berriatuan, eta bertako eskolakoek ekintza solidario bategaz ekin diote hasi berri dugun hilabete honi.
Tradizioari jarraituz, santa eskean atera ziren aurreko astean, eta bertan batutako dirua Bizkaiko Aspanovas elkarteari ematea erabaki dute. Ekintza solidario horri esker, 631 euro jaso ditu minbizia duten haurren gurasoen elkarteak.
Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna da otsailaren 15a (astelehena), eta horren arira, barikuan (otsailak 12) Aspanovas elkartearen proposamenagaz bat egin eta beste ekintza solidario bat egingo dute Berriatuko Herri Ikastetxean. “Gure adingabeen garapenerako, eskola funtsezko lekua dela uste dugu, are eta gehiago bizitzea tokatu zaigun garai hauetan. Beraz, ekintza honek haurren minbiziaren kontzientzia bultzatu eta haur guztien artean garaitu behar dugula barneratzeko balio izatea espero dugu”, adierazi dute Bizkaiko Aspanovaseko kideek.
Biziraupen hobea posible da lelopean, eskuekin osatutako Bizitzaren Zuhaitzak egingo dituzte, gaixorik dauden umeei zuzendutako mezu baikorrez beteta. Izan ere, haur minbizia sendatu daitekeela irudikatu nahi dute ekintza horregaz.
“Aspanovasekoek esan ziguten koronabirusagatik askoz zailagoa egiten zaiela ikastetxeetara ailegatzea, eta ze garrantzitsua den elkartean dauden familientzat eta umeentzat kanpoko babes hori edukitzea”, azaldu dute Berriatuko Eskolatik. Hiru zuhaitz irudikatuko dituzte Berriatuan: “Inauteriengatik astelehenean jai daukagunez, barikuan egitea erabaki dugu. Hiru burbuila dauzkagu, eta koloretako hiru zuhaitz egingo ditugu umeen eskuekin”.
Aspanovasetik azpimarratu dute minbizia duten haur eta nerabeei egiten zaien omenaldia dela, “beraien ausardia, adorea eta erresilientzia goraipatzen da; beraien bizitzak munduan uzten duen aztarna aitortzen du eta baita nola munduari partekatutako etorkizunari forma ematen dioten ere”.