Europar Batasunak hegaluzearen kuota %12,5 handitzea onartu du
Aurten hegaluzearen arrantza kupoa 37.801 tonakoa izango da, iaz baino 4.201 tona gehiago. Jaurlaritza pozik agertu da erabakiarekin, igoerak "euskal arrantza sektorea eta baxurako flota indartzeko" balioko duelako.
Europar Batasunak erabaki du aurten hegaluzearen arrantza kupoa 37.801 tonako izatea, hau da, iaz baino %12,5 handiagoa (4.201 tona gehiago). Erabaki horren aurrean Eusko Jaurlaritza “pozik” agertu da, igoera horrek “euskal arrantza sektorea eta baxurako flota “indartzeko” balioko duelako. “Hegaluzea da flota horren diru sarrera nagusia”. Hori zehazteaz batera, 2021ean estatu espainiarrerako kuota 17.704,08 tonakoa izango dela ere zehaztu dute.
Kupoa igotzeko proposamena ICCATek (International Commission for the Conservation of Atlantic Tunas) egin du, eta 2017az geroztik onartu den bigarren igoera da. Hain zuzen, 2017an erakundeak kupoa %20 igotzea onartu zuen; 28.000 tonatik 33.600 tonara igo zuten. “28.000 tonako kupoa historiako baxuena izan zen”, dio Jaurlaritzak.
Zehaztu dutenez, ICCATk bere Batzorde Zientifikoaren gomendioetan oinarrituta eta AZTI zentro teknologikoak atunzuriari buruz egindako ikerketa lanak kontuan hartuta egin zuen proposamena. “AZTIk ibilbide sendoa du itsas eremuan, eta ordezkaritza eta lidergoa ditu arrantza jarduera arautzen duten nazioarteko foro zientifiko nagusietan, hala nola ICCATen eta Indiako ozeanoan ICCATek duen homologoan”.