Terrazak arautuko dituen ordenantzan ekarpenak egiteko aukera edukiko dute lekeitiarrek
Lekeitioko Udalak ordenantza berri bat aterako du ostalaritza establezimenduen terrazak arautzeko helburuagaz. Behin betikoa izan aurretik ekarpenak egiteko aukera egongo da.
Etorkizunera begira, ostalaritzako establezimenduen terraza eta instalazio osagarriei buruzko ordenantza bat sortzeko beharra ikusi du Lekeitioko Udalak, eta terrazak bide publikoan jartzeko araubide tekniko eta juridikoak arautuko dituen ordenantzaren zirriborroa prestatu dute. Horren bidez terrazak jartzeko irizpideak, espazio publikoaren okupazioa eta horien tamaina edota ezaugarri orokorrak zehaztuko dira, beste neurri batzuen artean. Baina, ordenantza behin betikoa izan aurretik ordenantzaren zirriborroa aztertu eta iradokizunak eta ekarpenak egiteko aukera edukiko dute herritarrek barikutik [otsailak 12] martxoaren 12ra bitartean.
Ordenantza, udalaren harrera orokorrean eta udalaren webgunean egongo da ikusgai, barikutik aurrera, eta proposamenak harreran bertan edo udala@lekeitio.eus helbide elektronikora bidali ahalko dira. “Lekeitioko ostalariei helarazi zaie behin behineko ordenantza eta haien ekarpenak jasotzea espero da”, azaldu dute.
Ordenantza 2021eko ekainaren 1ean sartuko da indarrean eta interesdunek hilabeteko epea edukiko dute terraza jartzeko baimena eskatzeko, aurretik emandako baimenak alde batera utziz. “Irisgarritasuna eta segurtasuna betetzeko ezarritako baldintza teknikoak terraza jartzeko udal baimena ematen den egun beretik bete beharko dira”. Bestalde, urtebeteko epea emango dute terrazak ordenantza berriak zehazten dituen baldintza estetiko eta publizitate baldintzetara egokitzeko.