Herrien itxiera perimetrala mantendu eta mugakide diren herrien arteko mugikortasuna baimendu ditu Labik
Salbuespen batzuk ezarri dituzte herrien itxiera perimetralerako: mugakide diren herrien arteko mugikortasuna baimendu dute aire zabaleko gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak egiteko. Astelehenetik hasita, neurriak hogei egunez egongo dira indarrean (gutxienez martxoaren 8ra arte). Labi martxoaren 5ean batuko da berriro, eta orduan egoeraren "ebaluazio sakona" egingo dutela esan dute.
Euskadiko Babes Zibileko Planeko (Labi) kideek bilera eduki dute gaur [otsailak 12] eta erabaki dute herrien itxiera perimetrala beste 20 egunez luzatzea. Hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri guztiek itxita jarraituko dute, gutxienez martxoaren 8ra arte. Dena dela, salbuespen batzuk ezarri dituzte herrien itxiera perimetralerako: mugakide diren herrien arteko mugikortasuna baimendu dute aire zabaleko gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak egiteko. “Lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak baimentzen dira; eta 500 baino intzidentzia tasa txikiagoa duten udalerrien arteko mugikortasuna baimenduko da kirol federatuko lehiaketa eta entrenamenduetarako, eskola kiroleko entrenamenduetarako eta gimnasio, klub edota kiroldegietan programatutako ikastaro edo jardueretarako”.
Bestalde, Labik ez ditu ostalaritza establezimenduei eragiten dizkien neurriak aldatu. Neurri berriak astelehenetik [otsailak 15] aurrera egongo direla indarrean esan du Iñigo Urkullu lehendakariak. Labi martxoaren 5ean batuko da barriro, eta orduan egoeraren “ebaluazio sakona” egingo dutela esan du.
Esan du Labi aholku batzordeko kideek hartzen dituzten erabaki guztiak “osasun profesionalen gomendioetan oinarrituta” hartzen dituztela. “Erabakiek oinarri zientifikoa dute. Eta erabaki guztiak hartzen ditugu herritarren osasuna bermatze aldera”. Azpimarratu du pandemiaren errudunik ez dagoela: “Ostalaritza ez da erruduna, ezta epidemiologoak ere”.
Autoaren inguruan. EAEko Auzitegi Nagusiak gune gorrian dauden ostalaritza establezimenduen irekiera auto bidez baimendu izana errespetatu egiten dutela baina ez dutela ulertzen esan du. “Erabaki horrekin ez gaude ados, ez dugu partekatzen. Dena dela, gure aholkulariek aholkatu digute horren aurkako helegiterik ez jartzea. Azken finean, erabaki hori hartu duten epaile berdinen aurrean helegite bat jartzea alferrikakoa litzateke. Dena dela, pentsatzen dugu arrazoia daukagula”. Gai horrekin lotuta, esan du uste dutela epaileek “badaezpadako neurria” hartu dutela, baina ez gaiaren muina aztertuta.
Erantzukidetasuna. Esan du Biziberri planak herritarren bizimodua aldatzea eskatzen duela, eta erantzukizuna pertsona bakoitzarena dela. “Plan honek zorroztasuna eta eratzukidetasuna eskatzen ditu. Gu gara birusaren hedapena gelditzeko lehen hesia. Norbanako bakoitzak neurriak errespetatzeak bizitzak salbatzen ditu”.
Azkenik, azpimarratu du urritik gaur arte hiru lurraldeek edukitako bilakaera “larria” izan dela. Eta azken hilabeteetako esperientziak erakutsi diela intzidentzia tasa 500 edo gehiago den eremuetan neurriak zorroztea “egokia” dela. Gaineratu du helburua 100.000 biztanleko 60ko tasan kokatzea dela helburua.