Ander Lipus: "'Atzerrian lurra garratz' obrak zaintzaz hausnartzea ere proposatzen du"
Aktore markina-xemeindarrak ‘Atzerrian lurra garratz’ obra eskainiko du zapatuan [otsailak 20], 19:00etan, Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan. Sarrerak udaletxeko harrerako kutxazainean daude salgai.
Nola sortu zen proiektua?
Duela bi urte Laura Penagos aktore kolonbiarra ezagutu nuen Nafarroako antzerki eskolan. Etorkina izanda ere, euskalduna da bera. Eta hura ezagututa, proiektu baten hasi nintzen pentsatzen; Euskal Herrian nola sentitzen zen, kolonialismoaren eta arrazakeriaren inguruan zer pentsatzen zuen… etorri zitzaizkidan burura. Hortik abiatuta, esan nion interesgarria izango litzatekeela horren guztiaren inguruan proiektu bat sortu eta bera zuzentzea. Proiektua gauzatzen gindoazela, ikusi nuen bere bakarrizketa bat izan ordez agian beste aktore bat ere beharko zela, eta ni sartu nintzen aktore lanetan eta Amancay Gaztañagari deitu nion eta bera sartu zen proiektua zuzentzera eta idaztera.
Eta forma eman diozue…
Gutxinaka-gutxinaka, ezagutzen nuen Laura Penagos lagun aktore kolonbiarretik abiatu eta gaur egunera arte heldu gara Atzerrian lurra garratz deitu diogun proiektu hau gauzatzera heldu arte; bidean hainbat artista, hainbat alor ezberdin, hainbat diziplinak bat egin dute.
Nola abiatzen da istorioa?
Penagosek atzerritik Euskal Herrira bizitzera etorri den eta instalazio bat prestatzen ari den Aurora Mora pertsonaia antzezten du. Zeregin horretan ari dela, bat-batean bere ahizparen deia jasotzen du esanez bere ama hil egin dela. Hegazkina hartu eta Kolonbiara itzuli behar da. Eta antzezlana gau hortan kokatzen da. Moraren penak, pozak eta abar agertzen dira instalazioa prestatzen dagoen gela horretan. Eta han agertzen dira baita ere amona indigena, bere mutil laguna, alzheimerragaz dagoen mutil lagunaren aita… Hortik abiatuta, pila bat galdera aurkezten dira.
Gai asko lantzen dituen obra da.
«Ze leku dauka gure kulturan atzerritik datorren batek?». Galdera horretatik abiatuta, etorkinak hemen nola bizi diren lantzen da. Kasu honetan Kolonbia aipatzen da, eta herrialde ederra izateaz gain, han izugarrizko gatazka dago, eta hango bortizkeriagatik atzerriratuak izan dira besteak beste hango indigenak. Seguraski etorri behar izan dira hango bortizkeriari ihesi. Eta euskaldun asko ez gara ohartzen etorkin horiek oso istorio bortitzak dituztela atzean. Horrekin paralelismo bat eginda, badago esaera bat atzerrian lurra garratz, hoña ibini egik baratz dioena. Euskaldunok ere erbestera joan beharra eduki dugu, eta atzerrira joaterakoan ez duzu lurra konfiantzaz zapaltzen, ez da zure lurra, ez dituzu zure sustraiak hor. Erbestera bizitzera joatean zarenean hago lurra ez duzu berdin zapaltzen, eta obrak Aurora Morak zapaltzen duen lur horren inguruko gogoetak aurkezten ditu.
Ikusleari gogoetarako gonbitea egiten diozue, ezta?
Bai. Gogoeta bat eta adibidez zaintzaz hausnartzea ere proposatzen du. Adibidez, latinoamerikarrak zaintza lanetan ikusten ditugu. Haiek zaintzen dituzte jende nagusi asko, eta ez euren seme-alabek. Gure buruari galdetu ahal diogu pertsona horiek nola heldu diren hona, zeri ihesi heldu diren hona edo zeintzuk diren haien beharrak. Hortik abiatuta gogoeta asko aurkezten ditugu.
Zuk pertsonaia bat baino gehiago antzezten dituzu?
Penagosek protagonistaren pertsonaia antzezten du eta gero beste pertsonaia txikitxo bat ere antzezten du eta nik beste bost pertsonaia antzezten ditut: protagonistaren ahizpa, ama, amona, mutil laguna eta mutil lagunaren aita.
Oñatin estreinatu zenuten obra. Publikoak zelan erantzun zuen?
Hasiera batean Luhuson (Lapurdi) ginen estreinatzekoak otsailaren 5ean, baina pandemia dela eta, han ezin denez ikuskizunik egin, estreinaldia atzeratu eta Oñatin egin genuen. Segurtasun neurriak beteta, aretoa oñatiarrez bete-bete egin zen. Baten bat idaztera ausartu zen, eta obra hunkigarria dela eta gure lana txalotzekoa dela esan zigun. Horrelako loreak esker onez jasotzen ditut. Ea beste herrietako publikoari zer iruditzen zaion. Barikuan [otsailak 19] Andoainen eskainiko dugu, zapatuan [otsailak 20] Markina-Xemeinen eta domekan [otsailak 21] Oreretan. Eta gero Euskal Herri osoan bira potoloa egingo dugu.