Ander Okamikak lehen lasterketa lehiatuko du txirrindulari profesional moduan
Burgos BH taldeko txirrindulari lekeitarrak Tour des Alpes Maritimes et du Var lehiatuko du Frantziako hego ekialdean, barikutik domekara [otsailak 19tik 21era]. Okamikak dioenez, maila handiko lasterketa izango da.
Barikuan hasi [otsailak 19] eta domekara bitartean [otsailak 21], Tour des Alpes Maritimes et du Var lasterketan ariko da Ander Okamika lekeitiarra. Triatloitik txirrindularitzarako jauzia ematea erabaki ostean, Burgos BH taldeagaz debutatuko du elite mailako lasterketa batean. Denboraldi hasiera ez ezik, kirol ibilbidean etapa berri baten hasiera ere bada beretzat.
Frantziako hego ekialdean, Italiako mugatik gertu lehiatuko duten lasterketa hori hasiera batean ez zegoen Burgoseko taldearen egutegian. Okamikak zehaztu du aurreko astean esan zietela parte hartu ahal zutela. “Taldeak pentsatu zuen lasterketa ona zela parte hartzeko, eta bertora etorri gara. Urteko lehen lasterketa da niretzat. Hasiera batean arinago lehiatzea aurreikusita zegoen, Mallorkan eta Valentzian. Baina, horiek atzeratu egin ziren”.
Hiru etapak. Barikuan [otsailak 19] hasiko dute Tour des Alpes Maritimes et du Var. Lehen egun horretan, txirrindulariek 188 km egingo dituzte Biot eta Gourdon artean. Etapa amaieran hiru aldiz igo beharko dute Gourdon. Zapatukoa 177 km-ko etapa (Fayence) izango da, ihesaldietarako aproposa. Hirugarren eta azken egunean, Blaussasc-en hasi eta amaituta, 134 km egingo dituzte; txirrindulariek lehen mailako hiru mendate gainditu beharko dituzte.
Okamika: “Guretzat etapak irabaztea oso zaila izango da. Baina jarrera ausarta erakustera gatoz”
Okamikak dioenez, maila handiko lasterketa izango da: “World Tourreko hamabost talde daude. Gaur egungo txirrindulari onenetako batzuk egongo dira irteera lerroan, eta guretzat etapak irabaztea oso zaila izango da. Baina jarrera ausarta erakustera gatoz”. Taldea bera lasterketan ikustea da euren erronka, eta ihesaldietan sartzen eta mendiko sariren baten lehian egoten saiatuko dira: “Dauden aukerak aprobetxatuko ditugu ahal diren sariak lortzeko”.
Oraindik bere sasoirik onenean ez badago ere, neguan entrenamendu onak egin ditu, eta pozik dago lekeitiarra: “Sasoi on batean heltzen naizela uste dut. Helburua aurrerago sasoi hobean egotea da. Proba honegaz lehen lasterketaren urduritasunak kendu nahi ditut, eta gutxinaka erritmoa hartzen joan, gero udaberrian ditugun helburuetara ahalik eta hobetoen heltzeko”. Hasi berri duen etapa berri honetan, apurka-apurka ikasten joatea da bere helburua.
Euskal Herriko Itzulia dauka begiz jota: “Helburu nagusia bertan ahalik eta ondoen egotea da, lasterketa oso garrantzitsua delako, bai maila aldetik eta baita daukan oihartzunagatik”.
Hurrengo probak zeintzuk izango diren ez daki oraindik, baina uste dute udaberrian, apiriletik aurrera lasterketa asko egingo direla: “Momentu zail batean gaude. Bizitzen gauden egoeragaz lasterketa asko zalantzan daude, egutegiaren parte handi bat zalantzan dago. Ez dakigu zehazki zein izango den hurrengo lasterketa”.