'Berdintasunean Irakurri' umeei zuzendutako gida argitaratu dute Lekeition
Lekeitioko txikien balioak, jarrerak eta eredu pertsonalak lantzen laguntzea da gidaren helburua. Adin tarte bakoitzerako aukeraketa bat egin dute.
Lekeitioko txikien balioak, jarrerak eta eredu pertsonalak lantzeko helburuagaz, haientzako egokiak diren liburuak biltzen dituen gida bat sortu dute Lekeitioko udal liburutegiak eta Berdintasun zerbitzuak: Berdintasunean Irakurri.
Itxasne Martinez Lekeitioko Udaleko Berdintasun teknikariak azaldu duenez, liburuzainagaz elkarlanean egin dute aukeraketa, eta gaiak anitzak dira: “Ez dira soilik genero berdintasuna lantzen duten liburuak, gure liburutegian baditugu berdintasuna, askatasuna, errespetua, giza eskubideak eta aniztasuna gaiak lantzen dituzten hainbat liburu, eta ezagutzera eman nahi izan ditugu”.
Gida adin tarteka banatu dute: 0-5 urte, 5-6, 7-8, 8-9 eta 10 urtetik aurrera, eta adin tarte bakoitzerako liburu batzuk gomendatzen dituzte. “Txiki txikitatik aniztasuna lantzea eta barneratzea ezinbestekoa da berdintasunean hezteko. Horretarako erreferenteak edukitzea eta kontzeptuak ezagutzea beharrezkoak dira. Esate baterako umeek ez badituzte familia eredu desberdinak edo afektibitatea lantzeko dauden modu anitzak ezagutzen ez dute aniztasun hori barneratuko”.
Horrela, gida hau erreminta bat izan daitekeela ikusten dute bai adin horietako ume eta gaztetxoei eta bai eta ere horien gurasoei laguntzeko. “Gida hau umeei zuzenduta dago, baina aurrerago helduentzako gida bat egiteko asmoa daukagu, ildo beretik jarraituz”.
Gida Internet bidez zabaldu dute. Lekeitioko Udalaren webgunean dago eskura. Liburutegian dauden liburuez gain, beste aukera batzuk ere eskaintzen dituzte, eta liburu horiek Liburutegi Saretik eskatu ahal direla ekarri dute gogora.