Bizkaiko egoitzetako egoiliarrak bisita gehiago jasotzen eta irteerak egiten hasi ahalko dira martxoan
Martxoaren 1etik aurrera astean bi bisita edukitzetik hiru edukitzera pasatu ahalko dira egoiliarrak. Senideekin ere astean bi irteera egin ahalko dituzte.
Bizkaiko adinekoen egoitzetan bisita gehiago jasotzen eta irteerak egiten hasiko dira martxoaren 1etik aurrera. Erabaki hori hartu dute pandemiaren bilakaera “ona” delako, intzidentziak behera egiten jarraitzen duelako eta datozen asteetako joera ere beheranzkoa izatea espero dutelako. Bizkaiko Foru Aldundiaren berbetan, martxoaren 1etik aurrera egoitzetako neurriak gaur egungoak baino malguagoak izango dira.
Zehaztu dutenez, astean bi bisita edukitzetik hiru edukitzera pasatuko dira, eta senideekin astean bi irteera ere egin ahalko dituzte; gaur gaurkoz irteerak egitea debekatuta dago. Arduradunek gaineratu dute, martxorako egoiliar guztiak immunitatea lortuta edukiko dutela.