Nahia Quincocesek Munduko Kopako beste proba bat lehiatuko du asteburuan
La Marmota Trophy proba lehitatuko dute zapatuan [otsailak 20] eta domekan [otsailak 21], Val Di Martellen. Zapatuan esprint lasterketa daukate, eta domekan bakarkako lasterketa.
Nahia Quincoces Mendexako mendi eskiatzaileak La Marmota Trophy proba lehiatuko du Val Di Martellen, Italian, asteburu honetan. Zapatuan [otsailak 20] esprint lasterketa daukate, eta domekan [otsailak 21], banakako lasterketa. Azken hori 15,25 km-koa (1.590 m-ko desnibel positboa) izango da senior mailako emakumeentzat eta gazteentzat.
Orain dela urte batzuk bertan aritu zen, eta “leku zoragarria” iruditu zitzaion, eta “gogotsu” dago. Bakarkako lasterketetan sprintetan baino hobeto moldatzen da, eta oraingoan igoera eta jaitsiera luze bat gainditu beharko dituzte: “Banakakoa gustatzen zait gehien, ondoen horietan pasatzen dut, eta gogoa daukat”.
Martxoaren lehenengo astean Andorran lehiatuko dituzten Munduko Txapelketak prestatzeko asteburu honetakoa aukera ona dela nabarmendu du: “Prestaketa moduan ondo dator. Ahalik eta ondoen egotea da helburua. Azken asteetako entrenamenduek gorputzean zelan eragin diguten ikusi nahi dut”.
Espainiako selekzioaren taldean, senior mailan, Quincoces, Ana Alonso, Marta Garcia, Iñigo Martinez, Marc Pinsach, Oriol Cardona eta Antonio Alcalde daude Italian, bai eta gazte kategoriako Albert Perez eta Ot Ferrer ere.