Lekitto Bedarrak eta Lur Berri lore dendak akordio bat adostu dute, herrian erostea sustatzeko
Ortularien elkarteko kideek WhatsApp talde bat sortuko dute, eta horretan daudenek uneoro jakingo dute Lur Berrin ze landare dauden eskuragarri. Lur Berrik, aldiz,
Lekitto Bedarra Lekeitioko ortularien elkarteak eta Lekeitioko merkatu plazaren aurrean dagoen Lur Berri lore dendak herriko erosketak sustatzeko elkarlanerako akordio bat adostu dute. “Helburua da herritarrok beste leku batzuetan erosten ditugun landarak eskura edukitzea, prezio berdinean”, azaldu dute.
Horri jarraituz, Lekitto Bedarrekoek taldeko kideekin informazioa partekatzeaz gain, WhatsApp talde bat ere sortu eta mantenduko dute. “WhatsApp taldean daudenek uneoro jakingo dute Lur Berrin ze landare egongo diren eskuragarri. Herritar guztiei dei egiten diegu landareak herrian erosteko eta WhatsApp talde horretan sartzeko”.
WhatsApp taldean sartu nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute, beste barik. “Interesatuek 605 77 54 45 telefono zenbakira whatsapp bat bidali beharko dute euren izena zehaztuz, eta guk WhatsApp taldean sartuko dugu”, zehaztu dute Lekitto Bedarrekoek.
Lur Berrik, ostera, biberoko prezio berdinak emateko eta partaideek eskatzen dituzten landarak lortzeko konpromisoa hartu du.