Maria Egiguren ondarrutarrak 104. urtebetetzea ospatu du
Ondarrutarra Foruko egoitzan dago, eta han ospatu du urtebetetzea, senideen bisita eta guzti. Iaz, gainera, Egigurenek COVID-19a gainditu zuen. Gaur gaurkoz txertoa hartuta eta immunitatea lortuta dagoela esan dute.
2020ra arte Egiguren Ondarroako Eguneko Zentroan egon bada ere, gaur egun Foruko udal egoitzan dago. Eta han ospatu du 104. urtebetetzea. Urteurrenaren harira, Egigurenen bi loba ere egoitzara joan ziren, eta ekitaldian parte hartu zuen baita ere Izaskun Arrieta Foruko alkateordeak. Azpimarratu dute iaz Egigurenek COVID-19a gainditu zuela; “sintoma arinak” eduki zituela esan dute, eta gaur gaurkoz txertoa hartuta eta immunitatea lortuta dagoela gaineratu dute. Hain zuzen, bera bizi den egoitzako langileen eta egoiliarren %97k hartu dute txertoa eta, ondorioz, egoitzak talde immunitatea lortu duela diote.
Emakume adoretsua, katolikoa eta josteko zaletasuna duena. Horrelakoxea da Egiguren. “Ondarroan bizi zenean goizetan Eguneko Zentrora joaten zen, eta arratsaldeetan Artibai egoitzara joaten zen, hango egoiliarrei bisita egitera eta laguntzera”.
103 urtegaz sartu da egoitzara. “Ordura arte senideekin bizi izan da etxean. Loba baten semeagaz, haren emazteagaz eta bi seme txikigaz bizi zen. Berak ez zituen seme-alabak eduki”. 100 urte bete zituenean eta hurrengo beste hiru urtebetetzeetan Ondarroako Udalak lore sorta eman izan dio urtebetetzea ospatzeko Eguneko Zentroan egin izan duten ekitaldi xumean. Eta urtez urte Egigurenek berak beti esan du horrenbeste urte bizitzearen sekretua zein den: soja esnea eta lezitina, jogurtak, fruta eta Ondarroako portuko arrain freskoa jatea.
Itziar Urrutia Foruko egoitzako zuzendariak azpimarratu du Egiguren “bizitasun handiko” pertsona dela. “Azken urtean arazo medikoak eduki dituen arren, hobetzeko grinaren adibide ederra da, eguneroko ohiturei eusten baitie eta zentroan programatutako jardueretan parte hartzen baitu; besteak beste, fisioterapiako saioetan eta jolas jardueretan parte hartzen du”.