Ander Okamika: "Lasterketa hau oso garrantzitsua izan da hurrengo helburuetara ondo heltzeko"
Lekeitiarrak Tour des Alpes Maritimes et du Var lasterketan debutatu du txirrindulari profesional modura. Erritmoa hartzen segitu eta Euskal Herriko Itzulira ahalik eta ondoen heltzea da bere helburua.
Txirrindulari profesional moduan debuteko lasterketa lehiatu du Burgos BH taldeko Ander Okamikak azken hiru egunotan. Tour des Alpes Maritimes et du Var proba Frantziako hego ekialdean lehiatu dute, Italiako mugatik gertu.
Gianluga Brambilla (Trek-Segafredo) italiarrak irabazi du lasterketa. Michael Woods kanadarrak eta Bauke Mollena holandarrak osatu dute podiuma. Okamika 105.a izan da, irabazlearengandik 48.13ra.
Lekeitiarrak balorazio positiboa egin du: “Maila pertsonalean, ez ditut sentsazio onenak eduki lasterketan zehar. Baina balorazio positiboa egiten dut. Behintzat debutatu dut, eta gauza asko ikasi ditugu. Ikusi dugu oraindino gauza asko hobetzeko dauzkagula. Irakurketa positiboa eginda, orain badakigu nun gauden, ze gauza hobetu eta landu behar ditugun”. Bere ustez, hurrengo lasterketetan hobeto ibiltzeko ezinbestekoa izan da lasterketa honetan parte hartzea, eta falta zaien lasterketako erritmo hori gutxinaka hartzen joateko lasterketa honek asko lagundu diela gaineratu du.
Bere berbetan, “maila handiko lasterketa” izan da, eta hiru egunetan “oso arin” ibili da pelotoia. “Lasterketara betiko zalantzekin eta urduritasunekin heldu ginen. Munduko txirrindulari onenetako asko egon dira, eta asko eskatzen duen ibilbidea izan da, zorrotza, egunero mendate asko igo ditugu”. Taldearen helburu nagusia, lasterketan zehar taldea bera ikusaraztea izan da. Barikuan lehiatutako lehenengo etapan ihesaldian sartzea lortu zuten: “Hor bete genuen gure helburua. Hurrengo bi egunetan ez zen posible izan. Maila oso altua egon da, eta etapetako lehenengo kilometroetatik oso bizkor ibili izan gara. Maila horretako txirrindularien aurka, eta gure lehenengo lasterketa izanda, oso gaitza da ikusaraztea”. Orokorrean, bertan egotea “nahikoa izan dela” uste dute taldekideek: “Helburuari dagokionez, nahiz eta guztiz bete ezin izan, lasterketa hau oso garrantzitsua izan da hurrengo helburuetara ondo heltzeko”.
Hurrengoaren zain. Lasterketa hau egin ostean, erritmoa hartzen segitzea da Okamikaren eta bere taldekideen asmoa. Momentuz martxorako ez daukate lasterketarik aurreikusita, eta apirileko Euskal Herriko Itzulian parte hartzeko ilusioa dauka: “Martxoaren amaieran ea zerbait irtetzen den. Bestela hurrengoa apirilean izango da; ez dakit Euskal Herriko itzulia izango bada, edo arinago besteren bat egingo dugun. Erritmoa hartzen segitu eta Euskal Herriko Itzulira ahalik eta ondoen heltzea da helburua. Etxean paper ona bat egiten saiatuko naiz. Euskal Herriko Itzulia munduko lasterketarik onenetako bat da, maila oso altua egoten dena. Etxean izanda, ilusio gehiago ematen du, eta gure burua erakusten saiatuko gara”.